Airez egindako proteina asmatu dute

Airez egindako proteina asmatu dute Haragia ala tofua? Eta airearekin elikatzen bagara? Laster posible izango da! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/airez-egindako-proteina-asmatu-dute/@@download/image/Solar-Foods-makes-protein-out-of-thin-air-This-is-the-most-environmentally-friendly-food-there-is_wrbm_large.jpg
2020/01/13
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Haragia ala tofua? Eta airearekin elikatzen bagara? Laster posible izango da!
Airez egindako proteina asmatu dute

Azken urtean behin eta berriro errepikatu digute haragi kontsumoa jaitsi behar dugula ingurugiroa babestu nahi badugu, elikadura begetariano eta beganoak lehentsiz; baina dieta aldaketa horrek ere ez du planeta salbatuko. Adibidez, almendra esnea milioika erleren heriotzaren eragilea da. Nola da posible? Kalifornian esate baterako, 31.000 milioi erle behar dituzte almendrondoak polinizatzeko, eta horretarako, erle koloniak batetik bestera mugitzen dituzte milaka kilometrotan, erritmo handietan lan egitera behartuz. Ondorioz, kolonia hauek urte gutxi bizitzeko gai dira, goizegi desagertuz. 

Elikatzea moralki konplexua bilakatu den garaiotan, zientzialariak alternatiba osasuntsuak eta aldi berean ekologikoak topatzeko lanean dabiltza. Hala, Solein izeneko proteina bat asmatu berri dute; ez du animali edota landare jatorririk, airetik sortutakoa da, eta hamarkada batean sojaren industria iraultzeko asmoarekin sortu dute. 

Baina, nola da posible airetik proteina sortzea? Solar Foods izeneko enpresak asmatu du elikagai berri hau Helsinkin, eta zertxobait nazkagarria dirudien arren, oinarria lur zoruko bakteriak dira. BBC-n argiaratu dutenez, bakteria horiek jaso eta hidrogenoarekin elikatzen dituzte prozesu elektriko baten bitartez ura bereiziz. Emaitza, printzipioz zaporerik ez duen hirin modukoa da.

Dirudienez, ia guztirako balioko du proteina hau; janariei txertatzeko, animalien elikadurarako... eta garrantzitsuena, ingurugiroan ia ez du inolako eraginik izango. Ongi etorriak etorkizunera!