Aire zabaleko azken kultur ekintzak egingo dituzte egunotan Gasteizen

Gasteizko Kultur Zerbitzuak antolatutako aire zabaleko programazioari aste honetan emango diote amaiera. Uztailean hasi eta igandera bitarte, hogeita bat ikuskizun antolatu ditu guztira Aire Zabaleko programak.
Ostegunean, irailak 1, Tutik Clowns taldeak Petitxou ikuskizuna eskainiko du Zabalgana gizarte-etxeko plazan, 19:00etatik aurrera. Igandean, ordu berean, Zirkozaurreren Kobr3 emanaldia izango da Zaitegiko Gazteluaren kalean.
Bestalde, Aire Zabaleko Zinema egitasmoaren barruko azken bi emanaldiak egingo dituzte. Ostegunean animaziozko film laburren saioa egingo dute Zumaia plazan. Aurrez, zinemaren historiari buruzko ipuin-kontaketa berezia izango da. Bigarren emanaldia larunbatean izango da, eta Michèle Laroqueren Chacun chez soi filma proiektatuko dute Santa Maria plazan, 21:00etan.
Gainera, larunbat eta igandean, dantzaldiak egongo dira Florida parkean, 19:00etatik aurrera. Jarduera guztiek sarrera librea izango dute, tokiak bete arte.