Aire zabaleko arte eszenikoen jaialdia abiatu dute Getxon

Aire zabaleko arte eszenikoen jaialdia abiatu dute Getxon Urrira bitartean, diziplina anitzeko ikuskizunak eskainiko dituzte larunbatetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aire-zabaleko-arte-eszenikoen-jaialdia-abiatu-dute-getxon/@@download/image/getxo_eszena_kalean24_476x410.jpg
2024/05/06
Urrira bitartean, diziplina anitzeko ikuskizunak eskainiko dituzte larunbatetan.
Aire zabaleko arte eszenikoen jaialdia abiatu dute Getxon

Martxan da arte eszenikoak kalera eramaten dituen Getxo Eszena Kalean eta lehen edizio honetan 16 ikuskizun antolatu dituzte, Areetako Geltokia plazan. Antzerkia, dantza, zirkua, clowna eta musika ikuskizunak izango dira, maiatzeko, ekaineko, uztaileko eta urriko larunbatetan. Lan guztiak 18:30ean antzeztuko dira ekainaren 15ekoa izan ezik, hura 21:00etan izango baita. Ikuskizun guztietarako sarrera doakoa izango da eta, eguraldi txarra izanez gero, Romo Ikastetxean egingo dira.

Maite Guevara konpainiaren Susto lana erakutsi zuten joan den asteburuan eta larunbatean, hilaren 11n, Hortzmuga Teatroaren Agurea, urpekaria eta itsasoa ikusi ahal izango da. Ozeanoetako isurketak eta sare sozialetan adingabeen gehiegizko erakusketa dira ikuskizunaren gaietako bi. 

Maiatzeko bigarren hamabostaldian Dale, Ramón! eta Sokairera, bidaia izango dira. Lehenengoan, Trapu zaharrak taldeak enpresa baten produktu berritzailea sustatzeko lehiaketa interesgarria proposatuko du: bost izarreko bunkerra. Bigarrenean, Sokaire laukotea musika klasikoaren garai desberdinetan ibiliko da, Barrokotik hasi eta gaur egun arte. Musika tresna akustiko eta elektrikoak, eta umorea uztartuko dituzte.

Ekainean, bost ikuskizun eskainiko dira: Zirkozaurre konpainiaren Harreman, zirkua eta musika tradizionala; Ganso & Ciaren Welcome & Sorry testurik gabeko muntaia zoroa, Hamlet ia baliabiderik gabe antzeztu nahi duten bi aktore sutsu protagonista dituena; Qabalum Kolektiboaren La medida que nos ha de dividir dantza pieza; Bapatean Zirkoa konpainiaren Adabaki,  testurik gabeko clown ikuskizuna, edozein egoera baikortasunez gainditzeko gaitasunaren inguruan; eta Nao-Now-Nau, zirku eta clown muntaia, itsasoa ahaztu gabe egunerokotasunarekin jarraitu nahi ez duten arrantzale erretiratuen bizitza modu ludiko eta irudimentsuan islatzen duena.

Uztailaren 13an hasiko da Ondoloin eta Arnas Txiki dantza lanak izango dira. Hilaren 20an, Ipurbeltz euskarazko antzezlana, eta ekainaren 27an, Bea Larrañagak Bonba bat naiz clown eta antzerki ikuskizuna eskainiko du, Chantilly bonba egiten den gozotegi berezi batean girotua.

Abuztuan eta irailean etena egingo dute, eta urriaren 5ean, Aukeran konpainiak Aiurri dantza ikuskizuna aurkeztuko du. Urriaren 12an, Gorakada Teatroaren La kermés del vermú antzerki eta musika emanaldia izango da. Ondoren, niMú konpainiak Pausa zirku eta clown lana erakutsiko du, bizi-erritmo frenetikoan gelditzeko beharrari buruz hausnartzen duena. Azkenik, Barsanti konpainiaren Lanean 75 urte bete arte antzezlana izango da, populismoei eta erretiro-adinaren luzapenaren inguruko ikuspuntu ezberdinei buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen duena.

Egitarauaren xehetasunak hemen kontsulta daitezke.