Aire libreko zinema proiekzioak egingo dituzte Txillida Lekun

Aire libreko zinema proiekzioak egingo dituzte Txillida Lekun Gaur eta bihar gauean emango dituzte filmak, hamarretatik aurrera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aire-libreko-zinema-proiekzioak-egingo-dituzte-txillida-lekun/@@download/image/img_4911_1.jpg
2024/08/02
Gaur eta bihar gauean emango dituzte filmak, hamarretatik aurrera.
Aire libreko zinema proiekzioak egingo dituzte Txillida Lekun

Zinema europarrean eta independentean espezializatutako A Contracorriente Films zinema-banatzaile eta -ekoizlearekin elkartu da Txillida Leku museoa, abuztuko lehen egunotan aire zabaleko zinema proiekzioak egiteko. 

Atzo Perfect Days filma eman zuten, eta gaur, berriz, Das Lehrerzimmer film alemaniarra. Bigarren hezkuntzako eskola batean lanean hasiko den irakasle idealista bat da filmeko protagonista. Lapurretak izango dira eskolan eta bere ikasle bat izan den susmoa dago. Hala, bere kabuz, gertatutakoa ikertzeko erabakia hartuko du. 

Bihar, hilaren 3an, Une année difficile film frantziarra emango dute. Pelikulak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dira, gaztelaniazko azpitituluekin.

Arratsaldeko zazpietan irekiko ditu ateak Txillida Lekuk, eta museoa bisitatu ahal izango da gaueko hamarretako film proiekzioen aurretik. 

Museoak jakinarazi duenez, hamakak jarriko dira filmak eroso ikusteko eta beroki, manta edo halakoren bat ekartzeko gomendioa egin dute, eguzkia ezkutatu ondoren tenperatura jaisten delako. Piknika egiteko aukera ere izango da, sarrerekin batera erosita.