Aire libreko bederatzi kontzertu egingo dituzte Gasteizko Belar Sounds jaialdian

Aire libreko bederatzi kontzertu egingo dituzte Gasteizko Belar Sounds jaialdian Ekainaren 15etik irailaren 14ra izango dira emanaldiak Falerina lorategian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aire-libreko-bederatzi-kontzertu-egingo-dituzte-gasteizko-belar-sounds-jaialdian/@@download/image/belar sounds albiste.png
2024/05/29
Ekainaren 15etik irailaren 14ra izango dira emanaldiak Falerina lorategian.
Aire libreko bederatzi kontzertu egingo dituzte Gasteizko Belar Sounds jaialdian

Belar Soundsen seigarren edizioa egingo dute ekainaren 15etik irailaren 14ra bitarte, Falerina Lorategian. Zuzeneko bederatzi kontzertu izango dira guztira, denak doakoak. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira, uztailaren 6koa izan ezik, Mondo Infiel taldearena, hura 13:30ean izango baita, Korterrazarekin egindako elkarlana tarteko. Musika-estilo ugari entzun ahal izango dira: rocka, funka, folka, bluesa, countrya eta besteko batzuk ere bai.

Ekainaren 15ean Bartzelonako The Lizards taldea arituko da, rock and roll eta punk musika eskainiz. Ekainaren 29an Juan Valls gitarra-jotzaile eta abeslariak, Ander Etxaniz baxu-jotzaileak eta Mikel Marco bateria-jotzaileak osatutako Ramada Inn izango da, 70eko hamarkadako rockaren eta folkaren eragina dute eta esperimentaziotik ere badute.

Mondo Infiel talde nafar-arabarra taularatuko da uztailaren 6an. Adolfo J. Alcocer konpositore eta gitarra-jotzailearen proiektu berria da, eta 2022an Poliedros izeneko LP bikoitza kaleratu zuten. Arnau & The Honky Tonk Losers talde sortu berria izango da jaialdian uztailaren 13an, eta urtarrilean lau abestiz osatutako First of All EPa plazaratu zuten. Countrya, rocka eta folka uztartzen dituzte nagusiki. Uztaileko azken kontzertua 20an izango da, Groove Nazar taldearekin, eta funk, jazz, rock eta soul doinuak eskainiko dituzte.

Susan Santos arituko da abuztuaren 24an. Madrilen bizi den musikariak Amerikako rockaren eta beste sustrai-musika batzuen eragina jaso du: bluesa eta countrya adibidez. Abuztuaren 31n, berriz, Donostian sortutako La ola maldita taldeak joko du, soinu freskoak eta energikoak ardatz dituenak.

Irailean izango dira azken bi kontzertuak. Alde batetik, Eibarreko Kokein taldea izango da oholtzan irailaren 7an, eta Atomika azken diskoko kantuak joko dituzte besteak beste. Beste aldetik, Hermana Furia arituko da hilaren 14an, eta mezu aldarrikatzaileak eskainiko dituzte rock doinuez lagundurik.