Airbnb-k hirien erdiguneak konkistatu ditu

Airbnb-k hirien erdiguneak konkistatu ditu Joera honek alokairuen prezioak biderkatu ditu, bertakoak periferietara herbesteratuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/airbnb-k-hirien-erdiguneak-konkistatu-ditu/@@download/image/Captura de pantalla 2020-02-24 a las 09.10.18.png
2020/02/24
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Joera honek alokairuen prezioak biderkatu ditu, bertakoak periferietara herbesteratuz.
Airbnb-k hirien erdiguneak konkistatu ditu

2008an etxebizitza elkarbanatzeko erraztasunak ematen zituen plataforma digitala jaio zen AEBetan; Brian Chesky eta Joe Gebbia industria diseinatzaileek dirua behar zuten San Frantzisko hiriko alokairu garestiari aurre egiteko, eta libre zuten gela alokatzea erabaki zuten; horrela jaio zen Airbnb. Egun, milioiak irabazten dituen eta etengabe hazten jarraitzen duen mundu mailako negozioa bilakatu da. 

Arrakastarekin batera, hiriak erabat eraldatu dituen ondorioak ekarri ditu alokairu plataforma honek; hasiera batean hotelak ziren dardarka hasi zirenak, baina azkenean hiritarrak izan dira Airbnb efektuaren kaltetu handienak, batez ere, hirietako erdiguneetako bizilagunak. Hala, Londres, San Frantzisko, Bartzelona eta beste ehunka hirietako erdiguneak ia erabat hustu dira, turistei lekua egiteko. Egoera larria da hainbat lekutan; Mallorkako Deia herrian, gehiago dira erregistratutako Airbnb pisuak zentsuan dauden herritarrak baino.

Datu berriak aireratu dira beste hainbat hiritan; Edinburgon, adibidez, erdiguneko etxeen %29 Airbnb pisuak dira, eta Britainiako hiri saturatuena bihurtu da The Guardian egunkariak kaleratu duenez. Eskoziako hiribuan, alde zaharreko 100 etxebizitzetatik 29 etxe turistikoak dira egun. Londresko erdigunean egoera ez da horren larria, Airbnb eskaintza hiri osoan zehar zabaldu delako; hala, Soho auzoan adibidez, 100 etxebizitzetatik 15 dira etxe turistikoak.

 

EZINEZKO ALOKAIRUEN EFEKTUA

Airbnb-k hiri turistikoen erdigunean konkistatu ditu, bizilagunak auzoetatik kanporatuz; plataforma honen hazkundeak efektu negatiboa du alokairuengan, prezioen igoera nabarmena eragiten duelako. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Hego Parisko Unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, Bartzelonan (Airbnb-ren 6. helmuga da mundu mailan) auzo turistikoenetan alokairua %7 igo zen 2009 eta 2017 urte bitartean, eta salerosketa berriz %19 igo zen. 

New York hirian ere antzeko fenomenoa gertatu da Airdna enpresaren datuek diotenez (Airbnb-ren zifrak ikertzen ditu). Hiriburuan, 2014-2017 urte bitarteko datuak alderatuz, hiriko alokairuak %1,4 igo ziren, hau da, 380 dolar urtero.