Aiora Zulaika: “"Sudur gorriak bizitza eman dit”"

Aiora Zulaika: “"Sudur gorriak bizitza eman dit”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aiora-zulaika-quotsudur-gorriak-bizitza-eman-ditquot/@@download/image/20101148626aiora_zulaika_pirritx_12.jpg
2010/11/05
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Lander Garro
Aiora Zulaika: “"Sudur gorriak bizitza eman dit”"
Pirritxen barruan Aiora Zulaika ezkutatzen da. Edo agian zintzoagoa litzateke esatea Pirritx ezkutatzen dela Aioraren barruan, benetakoa azaleratzeko aitzakia besterik ez baita izaten mozorroa. Amatasunak oholtzetatik urrun mantendu du hilabete batzuetan; baina bihotza bete gogo, burua bete ideia eta eskuak bete kolore itzuli da Euskal Herriko haur, gazte eta ez hain gazte astintzera. Pailazogintzaz eta talde honen boomaz aritu gara bere egongelaren erosotasunean.  

Autoa aparkatu eta Triangelu plazara hurbildu gara, Tolosara, Aiorak bere etxea proposatu digu-eta solasaldirako, hartara hiru txikiak "kontrolpean" izango ditu. Txomin koskorrak eta Lizar eta Koikili umetxoek energia erruz xurgatu diote azken hilabeteotan. Zabalik dakarren aterki alaiak gure argazkilaria inspiratu du bat-batean, eta herriko azoka parean kamera aurrean paseatzen jarri du. Sudur gorriak, hain gauza txikia izanagatik ere, izugarrizko babes-efektua duela komentatu digu, eta gabe dabilenean askoz ere lotsatiagoa dela. Etxe polita dute; familia bezalakoxea, handia. Bikiak aulkitxo banatan aurrez aurre ditugula eta Txomin inguruan Tiranosaurus Rexarekin jolasean dabilela jarri dugu martxan grabagailua. Klik…

Seigarren diskoa prestatzen zabiltzate buru-belarri. Zein izango da lanketa gaia oraingoan?

Pirritxek urtebete eman du oholtzatik kanpo, eta bere itzuleraren diskoa da hau. Pupu eta Lore bere umeak aurkeztuko dizkigu. Haurrak nola hazi eta hezi jorratu nahi dugu, umetasuna landu, eta amatasuna ere bai. Pupu eta Lore lagunartean eta alaitasunez haz daitezen nahi dugu; bizkorrak, alaiak, eskuzabalak eta osasuntsuak izan daitezen. Badakizu pailazook lagun asko ditugula, eta hauetako bakoitzak gai edo alor bat landuko du: Tiritatxok osasuna, Largabista basozainak natura, Marikalanbrek zientziaren ingurukoak eta Martin Bertso liburuen pirata kulturaz ariko zaigu, txanponak baino nahiago dituelako ipuinak eta bertsoak.

Hortaz, badauka paralelismorik zure bizitza errealarekin.

Bai, badauka bai.

Izan ere, umeekin aritu arren, oso istorio errealak kontatzen dituzue beti.

Azken urteetan gai sozialak jorratu ditugu bereziki, egunero hedabideetan azaltzen diren kontuak. Ezin dizuet gehiegi aurreratu, baina laster Irrien Kluba osatzera goaz, indarrak horretara bideratuko ditugu eta, besteak beste, hileroko aldizkari batekin landuko ditugu aipatutako gai horiek.

Beti jotzen duzue Garate Estudioetara. Bezero onenak izango zarete, dudarik gabe. Denek ez dute urteko disko bat kaleratzen…

Egia esateko oso ondo tratatzen gaituzte, oso ondo egiten dute lan, garantiazkoak dira eta etxean bezalaxe sentitzen gara Andoainen. Gure musika grabatzeko modua berezia da pailazo talde bat garelako eta izugarrizko koadrila handia elkartzen garelako abesti bakoitzeko. Garaten ulertu dute hori, eta oso ondo egokitu dira.

Abesti horietako bat, seguru, hit-a izango da datorren urtean Euskal Herriko taberna eta txosnetan. Lehenago ez da sekula halakorik gertatu pailazo talde baten kantuekin.

Zaila da gure lana definitzea. "Zuena zer da, haur-antzerkia?"  Ez gara ez aktore, ezta kantari ere… Nik uste dut familia-antzerkia eta -musika egiten dugula. Suertea dugu Xabi Zabala musikariak ezin hobe jartzen dielako doinua gure ametsei, pentsamenduei… Harrigarria da nola islatzen dituen. Guretzat opari bat da ikustea umeek eta gurasoek gure letrak dakizkitela. Zuk onena ematen baduzu, jendeak ere bere onenarekin erantzungo dizu.

Proiektu edo produktu berri bat diseinatzerakoan, zein neurritan pentsatzen duzue haurrengan eta zein neurritan gurasoengan? Esan nahi dut, saldu… gurasoei saldu behar diezue…

Nik esango nuke familia osoarengan pentsatzen dugula. Abestietan keinu batzuk gurasoei zuzenduak dira, ipuinetan ere badaude mezuak gurasoentzat, baina batez ere haurren buruetan sartzen saiatzen gara.  

Izen onez inguratuta egiten duzue behintzat. Marrazkiak, jantziak, koreografiak… profesional handiak dituzue alboan.

Bai. Marrazkiez, adibidez, Julen Tokero arduratzen da; jantziez Rosaura Bravo eta koreografiez Izaskun Forkada. Azken batean, emaitza osotasunean bilatzen dugu eta nik uste dut umeek nabaritzen dutela. Interesatzen bazaio, erakargarria bazaio, haurrak entzungo du. Baina bestela ez e!

Itxurari dagokionean ez ezik, mezuei dagokionean ere salto kualitatiboa eman duzuela iruditzen zait niri. Familia eredu berriez aritzen zarete umeekin, ingurumena zaindu beharraz, gaixotasunaz eta heriotzaz, multikulturalismoaz… Oso mezu helduak dira, ala?

Porrotxek beti kontatzen du euskararen aldeko festa baterako hasi zirela orain dela 23 urte. Orduan hiru tipo ziren eta esketxa arrautza egosiak elkarri boteaz egiten zuten. Porrotxek esan zuen arte: "Bizitza osoa pasatu behar al dugu elkarri arrautzak botatzen?". Zer edo zer gehiago eskainiaz jabetzen zara aurrean daukazun jendeak zure mezuak jasotzen dituela eta, hein batean, eredu bat zarela beraientzat. Segun eta zein gai jorratu, egiten duzun ekarpena handiagoa edo txikiagoa da. Alde horretatik, hezitzaile paper horretan gero eta gehiago sakontzen saiatzen gara.

Baina, Pirritx, Porrotx eta Marimotots panpinak Txinan egitea ez al da inkoherentea komentatzen ari garen honekin guztiarekin?

Saiatu gara, ez dakizu nola, Euskal Herrian eta Espainian enpresaren bat bilatzen… baina ez da erraza. Gainera, zergatik ez Txinan? Hobe al da Ameriketako Estatu Batuetan edo Espainian egitea?

Tira, gauza hauek Txinatik ekartzea merke izaten da. Pentsatu beharko genuke zergatik edo zeren ondorioz den hain merkea…

Bai, baina ez da erraza. Eta panpinekin bezala txapekin eta beste gauza askorekin gertatzen da. Adibidez, Alacanteko enpresa bati egiten badiozu enkargua, haiek Txinara joko dute zuzenean; industria hau erabat bereganatuta daukate. Alacanteko zigilua eraman arren, Txinan eginak izango dira. Hortaz, edo Txinan egiten dituzu edo ia-ia ezin duzu panpinarik atera, prezioak izugarri igotzen direlako. Azkenean, aukeratu behar eta… bai, Txinan. Zergatik ez dugu, ba, Txinan egingo. Txinatarrak ere gure lagunak dira! –barrez–.

Puzzleak, txapak, panpinak, ipuinak… Hainbesteko merchandisingak ba al du justifikaziorik?

Bestela Disney daukazu… Nik uste dut hori beti oso ondo zaindu izan dugula, zer atera alegia. Atera genitzake pijamak, galtzerdiak, baloiak… Egia da hemendik aurrera, Irrien Kluba egitasmoari esker, gure produktuak gehiago ikusiko direla. Sumatu dugu 2 eta 12 urte bitarteko umeei dagokionean badagoela hutsune bat Interneten, aldizkarietan… Beraiei zuzenduriko produktu duin gutxi dagoela iruditzen zaigu eta, beraz, badagoela beharra merkatu hori asetzeko. Eta, noski, Irrien Kluba komunikazio proiektu hori aurrera ateratzeko, mantentzeko, merchandisinga bultzatuko dugu gehiago. Baina guk eskaini besterik ez dugu egiten, kalitatezko produktu duin eta txukunak gainera. Gero, kontsumitzailearen esku dago erostea edo ez; gurasoen esku.

Ba gurasoak, behintzat, aldeko dituzue. Orain urtebete BEC betetzea lortu zenuten Udalen aldetiko boikota salatzeko. BEC oso handia da!

Bai. Batzuk badaude irrien lagunak ez direnak. Eta hori izan zen eman genien erantzuna. Lagun baten amonak esaten zuen: "Esperantza eta irria lagunak pozteko eta etsaiak amorrarazteko". Amonari ez zitzaion arrazoirik falta! Guk, zorionez, lagunarte zabala daukagu, oso ona, eta momentu zailetan hortxe egon dira. Gizartea agintari horien aurretik doa.

Zuen kasuan, politika kontuak tarteko, instituzioak babesa baino gehiago oztopo izan dira. Nola azaldu haur bati Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek ezin dutela bere herrian abestu?

Gaur egun horrelako herri gutxi geratzen dira, Udalaren bidez ez bada beste elkarte batzuei esker lortu dugulako joatea, hiriburuetara adibidez. Baina egia da gertatu izan dela. Jakina, hau guztia ume bati azaltzea zaila da. Nik esango nieke badaudela irrien lagunak ez direnak, baina guk ez dugula nahi beltz edo zuri koloreko mundu bat non denok berdin pentsatuko dugun. Guk koloretako mundu bat nahi dugu, nork bere nortasuna eta irria ekar dezan. Herri txikia gara, zapaldua, baina pentsatzen duguna altu esan izan dugu beti. Argi dugu pertsonaien atzean pertsonak ezkutatzen direla eta, beraz, askatasuna eduki behar dugula gure bizitzetan. Ez gaituzte mututu eta kostako zaie.

[Jardun atsegina du Aiorak, eztia da, trankila, baina keinuetan nabari zaio egiten duena pasioz bizi duela. Momentu garratzak pasa izan ditu zenbaitek interes berezia dutelako bere jardun politikoa kriminalizatuta, luzapenez, haurrekin egiten duen lanari ere zilegitasun osoa ukatzeko. Baina proiektu honetan ipinia du fedea eta etorkizuneko gizartean aktore nagusi izango direnak gaurdanik heztea ezinbestekoa dela sinetsita dago. Sudur gorria eta irria ditu horretarako lanabes].

Nola iritsi zinen Pirritx izatera?

Lasarten euskararen aldeko 40 orduko maratoia egiten da lau urtean behin. Mikrofonoak ezin du bost minutu baino gehiagoz isilik egon, eta herri guztia inplikatzen da: elkarte gastronomikoak, bertsolariak, rock taldeak, gazteak, zaharrak, kirolariak… Ni urte hartan Arte Ederrak amaitzear nintzen eta begirale talde batean nenbilen haurrekin lanean. Maratoian parte hartzeko eskatu zidaten, esketx bat egiteko, eta hantxe ezagutu nituen Takolo eta Porrotx, beraiek dira-eta festa handi honen sortzaileak. "Aizu, norbait behar dugu Maritxu izebaren papera egiteko, Perez sagutxoarena egiteko…", esan zidaten. Niretzat izugarria izan zen, herriko pailazoak izan arren dagoeneko asko mugitzen zirelako. Hurrengo urtean Pirritxena egiten zuen neskak utzi zuen, eta niri eskaini zidaten ordezkatzeko… gaur arte.

Sudur gorriak edukiko ditu, ba, bere argi-ilunak.

Oso esker oneko lana da, izugarria. Jende asko eta lagun on asko ezagutu ditut sudur gorriei esker, Euskal Herria ezagutu dut beste ikuspegi batetik, asko ikasten dut egunero… Lotsa kentzeko ere balio izan dit, barre egiteko, negar egiteko… Alde txar gutxi ikusten diot, egia esan.

Esperientziaren bat bereziki gogoan?

Asko izan dira… Bat aipatzekotan: Ane pirata ezagutu genuenekoa, minbiziz gaixo zegoen neskatxa bat. Baina Txernobileko haurrekin ere izan gara, Atzegiko lagunekin, urritasun psikiko eta fisikoa dutenekin, euskara eta kultur elkarte mordo batekin… Niri sudur gorriak bizitza eman dit. Gaur egun naizen Aiorak asko zor dio Pirritxi.

Edozein izan daiteke pailazo, ala badago ezinbesteko baldintzaren bat?

Nik esango nuke edozein izan daitekeela, hau ere ikas daitekeelako. Egunerokotasunean, pertsona bera haziz doan bezala, pailazoa ere haz daiteke.

Eta noiz erretiratzen da?

Inoiz ez. Deskantsuak hartzen ditu halabeharrez, nire kasuan bezala; tarteka desagertu egiten da, baina erretiratu… pailazoa sekula ez.

Bi bizitza paralelo eramateak xelebre samarra dirudi. Ez al zaizu inoiz, horrela, bat-batean, oholtzatik kanpo ere Pirritx azaleratzen?

Niri baino gehiago Porrotxi gertatzen zaio hori. Nire kasuan, barruan daramadan ume hori ateratzeko aitzakia da Pirritx, lotsagabe, kantuan… izugarrizko askatasuna ematen dit. Beti, txikitatik gustatu izan zait antzeztea; eta eguraldi txarreko egunetan planik onena armairuak ireki, edozer gauza jantzi, beste bi ahizpak ere goitik behera jantzi eta amaren aurrean antzerkia egitea zen. Pirritx aitzakia da.

Esan didazu pailazoak ez direla sekula erretiratzen, baina badaezpada: Euskal Herrian ba al dago harrobirik zuek jorratutako bidea jarraituko duena?

Bai. Gure aurretik ere ibili ziren beste batzuk eta, beraz, atzetik ere etorriko dira, seguru.

Ba al dago eskolarik?

Iruñean badago eskola bat, klown ikastaroak ere egiten dira herrietan, buru-belarri dabiltza Antzerki Zaleen Elkartearekin, Lasarten ere Antzerki eta Dantza Eskola garrantzitsu bat dago… tira, bidea egiten hasteko, behintzat, bai.

Badago zuregan aspektu bat izugarri harritu nauena: katekista omen zara, edo behintzat, lotura handia duzu Elizarekin.

Ez naiz katekista, baina bai, zentzu horretan familia nahiko irlandarra gara. "Elizaren mundutik…?!", esaten didate askok. Ba bai, gu hala hazi gara…

Baina, fededun aktibista?

Aktibista ez, baina kristau fededuna bai. Niri lagundu egiten dit.

Zaila egiten zait ulertzea Pirritxen diskurtsoa eta Elizarena bateragarriak direnik.

Begira, badut lagun bat, Juan Kruz Mendizabal 'Kakux', Bergaran parroko izandakoa; orain, gainera, bikario nagusi dabil. Berak ezkondu gintuen eta harreman handia dugu. Kontua da behin bere ilobekin batera etorri zela Bergarara gure ikuskizun batera eta, amaitutakoan, mezu bat bidali zidan: "Zuek egiten duzuena… hori bai ebanjelioa!" –barrez–.  Nik fede kristaua ikuspegi humanista batetik ulertu eta bizitzen dut. Noski, ez nago ados Elizak berez duen barne-egitura piramidalarekin, oraindik ere kalte handia egiten jarraitzen du eta Elizako agintariak beste edozein agintarirekin pareka daitezke. Emakumeekiko duten jarrera gaitzesten dut baita ere, eta ez nator bat azken aldian Euskal Elizaren baitan eman diren aldaketekin. Baina bidean aurkitu ditut pertsona onak... Joxe Arregi... horrelako jendeak osatuko luke niri gustatzen zaidan Eliza.

Nola uztartu zure beste jardunekin?

Beno, nik Eliza herri mugimenduaren parte gisa ulertzen dut, herri xehea martxan jar dezakeen zerbait, auzolanaren beste adar bat. Ikuspegi humanistagoa da, soziala eta, zergatik ez, ezkerrekoa. Kristok ere hori bera egin zuen, ezta? Haizearen kontra ibili zen…

Sudur gorria kendu eta aurpegia garbituta etxera itzultzen zarenean, beste hiru ume izaten dituzu zain. Orduan, zer?

Ba saiatzen naiz lanak bikotearekin banatzen, eta ahalik eta indar edo umore gehien ekartzen etxera. Hau zen nahi genuena, hemen dauzkagu eta benetan hazi eta hezi behar ditugu. Beti ez da erraza izaten, eta askotan purrustadak-eta hauek entzun behar izaten dituzte. Baina saiatzen naiz oreka mantentzen. Koloretako familia bat nahi dugu, koloretako gizarte batean osasuntsu, jator eta nortasunez haziko dena.

Aioraren Kuttunak



Liburu bat: Narrazioak  (Sarrionandia, 1983)
Film bat: Parking (David Lillo, 2008)
Abesti bat: Urtxintxak (Manex Pagola, 1969)
Miresten duzun inor: Ane pirata
Infernura bidaliko zenuke: Irrien lagunak ez diren guztiak
Bizio bat: Txokolate beltza