Aiora Renteria: "“Gure musikaren gaineko kontrola guk eduki nahi dugu”"

Aiora Renteria: "“Gure musikaren gaineko kontrola guk eduki nahi dugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aiora-renteria-quotgure-musikaren-gaineko--kontrola-guk-eduki-nahi-duguquot/@@download/image/20101159566aior_1361881037.jpg
2010/11/05
elkarrizketa
Igone Fernandez
Bilbokoek 13 urte daramatzate inoiz ahaztuko ez ditugun kantuekin gure belarriak laztantzen. Gu guztion bizitzetako hainbat uneri doinua jarri dioten horietakoak dira. Hasierako laukote berak jarraitzen du oraindik ere, “taldeak taldekideen bizitzetara egokitzen jakin duelako”. Zea Maysen ahots imitaezinaren eskutik, Aiora Renteriaren eskutik izan dugu "Era" diskoaren berri. 

Zaila da seigarren diskoa aurkezten duen talde batek zer edo zer berria eskaintzen asmatzea. Nola lortzen da hori?
Honetan garrantzitsuena gustura aritzea da, lokalean oraindik ere gozatzea. Ikusten dugu gure interesekoak diren gauza asko dagoela egiteke, eta horrek garamatza aurrerapausoak ematera. Gure gustuak ere aldatuz doaz, musika berria entzuten dugu… Azkenean hori antzeman egiten da lokaleko ekarpenetan.

Kontatu, zer dakar "Era" honek?

Aldaketa badator, egia esan. Abestiak dantzagarriagoak dira, erritmodunak. Eta, bestalde, musika egiteko modua ere aldatu da: lehen askoz gehiago jotzen genuen inprobisaziora; oraingoan, ordea, ideiak etxetik landuak ekarri ditugu eta programazioak sartu ditugu, eta konponketa asko ere bai: koruak, teklatuak.... Zentzu horretan, Morphina askoz ere gordinagoa zen.

Berritasun handienetako bat zabalpenari dagokiona da. Soilik zuzenekoen ostean salduko dituzue diskoak, dendetan egoteari uko eginda. Zergatik?

Batez ere gure diskoaren gaineko kontrola guk edukitzeko. Bestela eginda, kasu askotan, taldeok ez dugu jakiten zenbat kopia ateratzen diren, zenbat saltzen diren, non… edo zer gertatzen den ale horiekin. Hortaz, momentuz, lehenengo bi hilabete hauetan emango ditugun kontzertuetan 10 euroren truke kontzerturako sarrera gehi diskoa eskaintzea erabaki dugu. Abenduan Durangon izango da salgai eta gero… ba ikusiko dugu.

Doako kulturaren aldarrikapenari dagokionean, ze jarrera duzu zuk?

Nik uste dut kultura, doakoa bada, ezinezkoa dela mantentzea. Hau ere enpresa baten moduan ulertu eta zaindu behar dugu; dirurik mugitzen ez badu, askori ez zaie interesatuko hau sustatzea. Herri askok turismoranzko aldaketa ematen badute, adibidez, errentagarria zaielako da. Gainera, idazleak dirua behar du idazten duen bitartean bizitzeko, ala?

Eta Internet bidezko deskargak?

Horiek onuragarriak dira guretzat. Ez digute dirua ematen zuzenean, baina gure musika sareratzea mundu zabalean promozionatzeko modurik errazena da. Agian disko salmentetatik datozen diru sarrerak gutxituko dira, baina taldea ezagutaraziko duzu eta jende gehiago erakar dezakezu kontzertuetara, sarreren bidez gastuei aurre egin…

Azken bi lanak Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratu dituzue. Zergatik aldatu zineten Bonbereneara?

Nabari dugu bertan gure musika eta gu maite gaituztela. Beste askorentzat zenbaki hutsa gara.

Zenbaitek diote hemengo betiko eta ohiko diskoetxeak hiltzera kondenatuta daudela. Ze etorkizun aurreikusten diezu zuk?

Jarreraz aldatzen ez badute behintzat, bai, horrantz doaz. Baina hori euren lana da, ez musikariona, badirudi-eta azkenaldian guk dugula guztiaren gaineko ardura. Mundura begira jarri beharko lirateke, beste diskoetxe batzuek nola funtzionatzen duten ikusteko eta urtero horma bera ez jotzeko.

Zea Maysek Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketari esker eduki zuen ezagutzera emateko aukera, 1997an. Ordutik, zer aldatu da taldearen baitan?

Garai hartan lokala gure bigarren etxea zen. Gaur, ordea, lanak eta familiak tarteko, lokalaz gozatzeko denbora gutxiago daukagu. Gure bizitza erritmoa aldatu da, baina ez nuke esango taldearekiko dedikazioa txikiagotu denik. Orain, besterik gabe, ezberdin kudeatzen dugu denbora. Niretzat behintzat, oraindik ere taldea da lehentasuna.

Testuingurua ere erruz aldatu da.

Gauza asko. Badirudi orain mundu guztia kexuka eta negarrez bizi dela. Baina, musikariontzat behintzat, Interneti esker muga geografikoak apurtu dira. Pentsa, facebooken zenbait abesti zintzilikatu genituen eta orain estatu maila entzunenak dira! Askok ez gintuzten ezagutzen lehen! Deigarria iruditzen zait, baita ere, Euskadi Gazteak eman duen aldaketa. Lehen euskal taldeok bagenuen leku bat, baita amateur izanda ere. Orain hori zeharo galdu da.

Urte hauetan guztietan eta taldeari dagokionean, ordea, bada konstante bat: zure ahotsa, Zea Maysen zigilua. Berezkoa duzu ala landua?

Nire ahotsa da, baina mimatzen dut. 13 urterekin hasi nintzen kantatzen eta neure teknikak garatzen. Kurtso bat ere egin nuen Bartzelonan, eta aldiro-aldiro foniatrarengana joaten naiz eztarria zer moduz doan begiratzera. Irakaslea naiz, eta abeslaria. Asko erabiltzen dut ahotsa, baina ez dut zigortu nahi.