Aiora Renteria izango da Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
43. Aste Nagusian pregoilari eta txupinera izango diren bi emakumeak aukeratu dituzte. Aurten, Aiora Renteriak, Zea Mays taldeko kantariak, irakurriko du pregoia, eta Izaskun Pinedok botako du txupinazoa.
Udalaren Jaietako Batzorde Mistoak aukeratu du Aiora Renteria (Bilbo, 1976) pregoia irakurtzeko, abuztuaren 19an Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko. Udalak jakinarazi duenez, Zea Mays rock-talde euskalduneko kantari eta konposatzailea "musikan egindako bide luzeagatik" izan da hautatua, "25 urte baino gehiago egin baititu agertokietan".
Aste Nagusiak iraungo duen bederatzi egunetan ez da bakarrik ibiliko Aiora Renteria; Izaskun Pinedo izango du alboan. Bilboko Konpartsek txupina botatzeko izendatu dute erizain bilbotarra, Pinpilinpauxa konpartsako kidea dena gaztetatik.

