Aiora Mujika (@probatxoa) 'Paquita Salas' telesailean!

Netflixeko telesail arrakastatsuenetako bat da Paquita Salas. Javier Calvok eta Javier Ambrossik zuzenduta, Brays Efe aktoreak gorpuztutako aktoreen agente dibertigarriaren istorioa kontatzen du; bertan parte hartzen dute ere Belen Cuesta, Anna Castillo eta Yolanda Ramos aktoreek, besteak beste. Dagoeneko 3. denboraldia izango du Netflix plataforman, eta oraingoan, euskal youtuber batek kameo txiki bat egingo duela iragarri dute!
Hain zuzen, GAZTEZULOk jakin duenez, Aiora Mujika Anoetako youtuberra aukeratu dute kameo horretarako. Mujikak Probatxoa ezizenez bataiatutako Youtube kanala du, ia 2.000 jarraitzaileekin; bere bideoek milaka ikustaldi dituzte, tartean duela urtebete 'El Conquis'-eko ertzainaren inguruan egin zuena, 86 mila ikustaldirekin.
Mujikari bideo-elkarrizketa bat grabatu diogu eta bertan eman digu albiste honen berri; "harrituta eta pozik" jaso zuen Javien deia, eta "izugarrizko esperientzia" izango da beretzat. Urtarrilean ELKARRIZKETA osorik argitaratuko dugu; bertan, youtuberrak 2018 urteari errepasoa emango dio, eta urte berriko erronkak kontatuko dizkigu. Hemen aurrerapen bideoa: