Ainhoa Moiua: “"Gorrena nahiko kolektibo ikusezina da”"

Ainhoa Moiua: “"Gorrena nahiko kolektibo ikusezina da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainhoa-moiua-quotgorrena-nahiko--kolektibo-ikusezina-daquot/@@download/image/20111149962Ainhoa_Moiua_1.jpg
2011/11/04
elkarrizketa
Ainhoa Moiua: “"Gorrena nahiko  kolektibo ikusezina da”"
Zea Maysen bideoklipean 'Negua joan da ta' zeinuen hizkuntzan abestu zigun. Hizkuntza honetan ari denean argi berezi bat pizten zaio aurpegian. 


Nola sortu zen bideokliparen kontua?

Kontzertu batera bideo bat eraman nahi izan nien opari, entzule gisa eman zizkidaten momentu on guztien ordainetan. Aspaldidanik daukat gustuko kantak zeinuen hizkuntzara pasatzeko zaletasuna, eta hori grabatu nien bideoan… Handik hiru egunera bideokliparena proposatuz hots egin zidaten… Ni zoratzen!!

Bilboko Kafe Antzokian eman zuten kontzertuan taulatu gainean aritzeko aukera ere izan zenuen.
Pufa, pufa… Goitik jende guzti hori disfrutatzen, saltoka eta animatzen ikustea ikaragarria izan zen. Gainera, konturatu nintzen zeinuak ikasita zituela jende askok, eskuekin lainoak egiten ikusten nituen kar, kar, kar… Oso ona.

Gorrek zer komentatu izan dizute bideoklipari buruz?
Gustatu zaiela... Baina batez ere hizkuntzen zeinua eta euren mundua ezagutarazteko aukera bat izan delako gustatu zaie. Normalean nahikoa ikusezinak dira gizartearentzat, eta partekatzeko eta aldarrikatzeko gauza ugari dituen kolektibo bat da.

Ze gelditu zaizu guzti horretatik?
Esperientzia polit bat, eta facebooken lagun gehiago ditudala, kar, kar.

Nolatan ekin zenion zeinuen hizkuntza ikasteari?
Magisteritzan "Entzumen Urritasuna" ikasgaian gorputza erabiliz ahozko hitz horiek desagertzea eta komunikatzea izugarri gustatu zitzaidan, eta buruz bota nintzen itzultzaile ikasketetara.

Unibertsalak dira zeinuak?
Ez dira unibertsalak. Toki bakoitzeko kulturari lotuta garatzen dira zeinuen hizkuntzak, beste hizkuntza guztiekin gertatzen den bezala. Egoera berriak, kontzeptu berriak sortzen direnean zeinu berriak sortzen dira, eta egoerak edo kontzeptuak oso ezberdinak izan daitezke lurralde batetik bestera.

Zeinuen hizkuntza euskaldunik badago?
Ez. Zeinuen hizkuntzen eremuak ez datoz bat ahozkoen eremuekin, ezberdinak dira. Hemengoa Espainia iparraldekoa litzateke. Gero bai badaude dira hemengo berezkoak diren kontzeptuei dagozkien zeinu batzuk, baina hizkuntza oso bat ez.

Alfabetoa ere badaukazue.
Daktilologikoa deitzen zaio honi. Alfabetoko letra bakoitzarentzat zeinu bat dago. Baina izatez zeinu hizkuntzatik kanpo dagoen zerbait da. Batez ere zeinuak ikasteko baliatzen da. Gor batekin hizketan ari zarela zeinu bat ez baldin badakizu daktilologikoki hitza letraz letra esan eta berak zeinua erakutsiko dizu. Edo norbere burua aurkezterakoan hasieran norbere izena daktilologikoki esaten da eta gero norbere zeinua erakutsi.

Doktorego tesia ari omen zara egiten gaiaren inguruan…. Izenburua bakarrik eskatuko dizut.
Izenburua Eleaniztasun intermodalean hizkuntzen elkarreragina izango da gutxi gora behera. Ahozko hizkuntzak zeinu hizkuntzan duen eragina ari naiz aztertzen…

Sentsibilizazio astea antolatu da Tolosan Gorren Elkartearen eskutik. Zertan datza ekimen honek?
Urtero egiten da. Pertsona gorrek egindako pintura erakusketak, aktore gorrak dituen antzerkia... Urteren batean Australiako mimo bat ere etorri zen. Pixka bat pertsona gorren alderdi artistiko hori erakusteko.

Horrelakoak antolatzen badira sentsibilitatea falta denaren seinale.
Ikusten dute gizarteak ez dituela ondo ezagutzen. Urrituak balira bezala tratatzen ditu askok, eta eurak ez dira horrela kontsideratzen, beste hizkuntza bat darabilten kolektibo bat bezala baizik. Aurreiritzi asko dago: Zeinuen hizkuntza unibertsala dela pentsatzen du jende askok, mimo moduko zerbait dela beste batzuk… Estatu espainiarrak gorren hizkuntza eta euren hizkuntza eskubideak ez zituen aitortu 2007rarte eta geroztik ere egoerak ez duela hobera asko egin salatzen dute.

Erabiltzen den hizkuntzaz gain bereizten al da beste ezertan gorrekin izandako elkarrizketa bat?
Komunikazio maila berdina da ahoz nahiz zeinuz… Izatekotan bazkaltzen ari zarela, ahoa beteta daukazunean, zeinuekin tita-tita errazago egin daitekeela kar, kar, kar. Gainera ahoz ari naizenean ere beti erabiltzen ditut zeinu asko, eta oso eroso sentitzen naiz zeinuen mundu horretan. 

Negua joan dela dio abestiak. Berriro iritsi zaigu, ordea.

Niri negua asko gustatzen zait. Elurra, etxe giroa… Gero gainera berehala iritsiko da martxoa berriro, eta berriro jarriko dugu abestia poz pozik kar, kar.

Ikusiko zaitugu beste bideoklipen batean?
Ba, uste dut baietz. Beste zerbait bat proposatu didate, erabat desberdina. Ilusio handia egin dit eta ea ondo ateratzen den.