AINHOA LENDINEZ: ALTER EGO

AINHOA LENDINEZ: ALTER EGO Ainhoa Lendinez Garate (Elgoibar, 1981) mikrofonoa eskutan ikusi izan dugu azken urteotan eguerdi zein gaueko albistegietan, baina bere lanaz gain, baditu gorputza aktibatzen dioten bestelako pasioak... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainhoa-lendinez/@@download/image/ALTER_EGO_AinhoaLendinez.jpg
2017/02/09

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Argazkia: Karobiphoto

Ainhoa Lendinez Garate (Elgoibar, 1981) mikrofonoa eskutan ikusi izan dugu azken urteotan eguerdi zein gaueko albistegietan, baina bere lanaz gain, baditu gorputza aktibatzen dioten bestelako pasioak...
AINHOA LENDINEZ: ALTER EGO

• EiTBko kazetaria, euskal filologoa, dantzaria eta kirolaria...
Tira, kirolaria baino, kirol zalea naizela esango nuke.


• Baina mendi lasterketetan dena ematen zabiltzala jakin izan dugu!
Bai, mendia txikitatik izugarri maite izan dut, familian oso kirolariak izan garelako beti. Mendian ibiltzea nire bizimoduan erabat txerattuta dagoen ohitura da; gaizki zein ondo egon naizenean arnas hartzeko lekua.

 

• Eta dantza?
Dantzan sei urte nituela hasi nintzen eta duela sei bukatu zen jendaurreko ibilbidea. Baina edozein parranda edo ezkontzatan trikiti bat entzuten dudanean lehena izaten naiz dantzan hasten! Familian fandango, arin-arin eta Arratiko jotearen oso zaleak izan gara betidanik.

 

• Aisian gorputzari astindua emateko beharra izaten duzu beraz.
Ba bai, nahigabe ateratzen zaidan zerbait bada ere, dantzak eta kirolak deskonektatzeko aukera ematen didate. Barruko sena dela esango nuke eta gustuko ditudan gauzak egiteko aukera izateak sekulako zortea dudala gogorarazten dit. Hemen biziko ez banintz ere, mendi bila joango nintzeteke seguru!


• Mendian eroso sentitzen zara aisian zein lasterketetan?
Bai, bietan gozatzen dut baina egia esan, kontraesanak izan ditut batzuetan; izan ere, txikitatik mendia zaindu eta errespetatzearen baloreak ikasi ditut eta mendi lasterketen masifikazioek kezkatzen naute batzuetan...


• ‘Trail runner’ moda bilakatzen ari ote da ba?
Baietz esango nuke. Bakoitzak nahi duena egiteko askatasun osoa badu ere, norberak bere mugak ezagutzea komeni da. Ur handitan sartu nahi dutenak badira, asfaltoan apur bat ibili ondoren, mendi lasterketetara apuntatzen direnak. Modak arrastatu egiten ditu eta arriskua dago zaletasuna bezala hasi eta azkenean zama bihurtzea. Sekulako pena ematen dit horrek.


• Zein da gogoan duzun lasterketarik bereziena?
Niretzat bereziena Karakateko igoera da. Gurasoekin joaten nintzenean oso-oso gogorra iruditzen zitzaidan makurtuta igotzen zirela ikustea:”Ze nezesidade dute horrela igotzeko?!” pentsatzen nuen. Eta orain zenbat eta bertikalagoa gehiago gustatzen zait. Elgoibartarrontzako munduko txapelketa izaten da Karakatekoa.


• Munduko zirkuituan ere ibili izan zara...
Bai, bikotekideari laguntzearren, eta horren aitzakiaz, azken hilabetetan Hong Kong eta Reunion irlan izan gara oporretan!


• Ez da plan txarra! Zein izango da hurrengo aitzakia?
Madeira, apirilean.


• Txoritxo batek esan digu modelo lanetan ere bazabiltzala Garate jantzi dendan.
[Barreak] Hori ama eta izeba laguntzeko egiten dut. Izan ere, arropa denda gure oinarrizko kanpalekua izaten da. Modelo lanak egitea baino, egunero moda blogak errepasatzea gustatzen zait, tendentziak ikusteko. Hori da familiako negozioari egiten diodan ekarpena.