'Ainarak' dokumentala emango dute gaur Iruñean

'Ainarak' dokumentala emango dute gaur Iruñean Filmaren proiekzioaz gain, Anne Etchegoyenekin solasaldia eta musika emanaldi laburra izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainarak-dokumentala-emango-dute-gaur-irunean/@@download/image/ainarak.png
2023/03/15
Filmaren proiekzioaz gain, Anne Etchegoyenekin solasaldia eta musika emanaldi laburra izango da.
'Ainarak' dokumentala emango dute gaur Iruñean

Ritxi Lizartzak eta Juan San Martinek zuzendutako Ainarak dokumentala emango dute gaur Kondestable aretoan, 19:30ean. Nafarroako eta Aragoiko Pirinioetako bailaretako neska gazteak izan ziren Ainarak, 1870 eta 1940 artean migrazio zabal baten parte izan zirenak. Milaka eta milaka joan ziren oinez beren jatorrizko herrietatik Maulera, espartingintzaren industrian lan egitera. Haien historia eta Mauleko espartingintzaren historia kontatzen da dokumentalean.

Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten, 1870etik 1940ra bitarte, Maulera (Zuberoa) iritsi eta espartin-fabriketan lanean aritzeko. 12 eta 25 urte arteko emakume gazteak izaten ziren, batzuetan baita 12 urtetik beherakoak ere, familia eta herria utzi eta lanera joaten zirenak, egunean hamasei orduz arituta, diru pixka bat irabazteko.

Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joategatik esaten zitzaien ‘Ainarak’. Anne Etchegoyenen gidaritzapean ezagutuko dute ikus-entzuleek ainara gazte horien historia. 

Dokumentalaren ikustaldiaren ostean, dokumentalean gidari lana egiten duen eta bertako soinu banda sortu duen Anne Etchegoyenekin solasaldia eta kontzertu laburra izango da.