Ainara Gurrutxaga: "Esperimentazioa eta bizirik dagoen kultura hobetsi beharko lirateke"

Ainara Gurrutxaga: "Esperimentazioa eta bizirik dagoen kultura hobetsi beharko lirateke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainara-gurrutxaga-esperimentazioa-eta-bizirik-dagoen-kultura-hobetsi-beharko-lirateke/@@download/image/ainara_gurrutxa_1382622991.jpg
2013/11/04
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa
Ainara Gurrutxaga: "Esperimentazioa eta bizirik dagoen kultura hobetsi beharko lirateke"
‘Amaren eskuak’ filmeko protagonistaren azalean ikusi berri dugun arren, kamera aurrekoa baino gehiago, taula gaineko aktorea da Ainara Gurrutxaga (Errenteria, 1977). ‘Errautsak’ arrakastatsuaren bidetik, hilabete honetan estreinatu du ‘Hamlet’.


Amaren eskuak (Mireia Gabilondo, 2013) filmarekin aktore askorentzat ametsa dena bete du Ainara Gurrutxagak: zeluloidean protagonista nagusia izatea. Errenteriarrarentzat ordea, aktore ibilbidean suertatu zaion erronka bat baino ez da izan; alimaleko erronka, hori bai. Izan ere, Gurrutxagak antzerkia du pasio zein ogibide, eta Dejabu Panpin Laborategia etxe. Alfonbra gorriko fokoak atzean utzita, Luhusoko Harri Xuri sormen fabrikan pasa ditu azken asteak, hilabete honetan Euskal Herri osoan zehar ikusgai izango den Hamlet lana prestatzen.

Kazetaritza ikasketak egin zenituen. Goi mailako ikasketak egiteko ordua iritsi zenean, ez zenuen antzerkian erreparatu?
Antzerkia oso txikitatik egin izan dut, oso modu naturalean atera izan zait. Baina egia da, agian antzezleak ikusten nituenean errespetu handia eragiten zidatelako edo, ez nuela nire burua profesionalki hor ikusten. Era berean, oso konbentzituta eta motibatuta nengoen kazetari izateko, neure burua mundua zeharkatzen ikusten nuen kazetari paperean. Karrera egin eta lanean hasi nintzenean baina, errealitatearekin topo egin nuen eta pixkanaka konturatzen joan nintzen kazetaritza ez zela uste nuena. Ikasketak amaitu eta bost urtetara garbi ikusi nuen: antzerkia zen bene-benetan egin nahi nuena.

Berriz ikasten hastea erabaki zenuen orduan?
Zerikusi handia izan zuen liburutegian Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen zuen beka baten kartela ikusi izanak. Antzerkia ikastera Londresera joateko beka bat zen! Euskal Herrian ez dago antzerki ikasketa sakonak egiteko aukerarik. Nik hemen egin nitzazkeen antzerki ikasketa guztiak eginak nituen. Gainera, antzerki fisikoa interesatzen zitzaidan, eta hemen zegoen antzerkia oso psikologikoa zen; zaharkitua iruditzen zaitzaidan. Antzerkiak beste zerbait izan behar zuela susmoa nuen. Londresen topatu nuen ni bilatzen ari nintzen bidea, eta handik bueltan, oso argi neukan saiatu egingo nintzela antzerkitik bizirauten.

Ibilbide horretan, erdigune izan duzu Dejabu Panpin Laborategia. Hamabi urteren ostean, lanean jarraitzen duzue.
Guk sortu dugun proiektua da, gure idealen arabera funtzionatzen dugu, antzerkiarekiko dugun ikuspegia laborategian lantzeko aukera ematen digu, eta beraz, geure neurrira egindakoa da, perfektua. Gaur egun, antzerkia euskaraz egiteko nahiko suizida izan behar duzu, eta etxe sendo bat ez baduzu indarrak bertan jartzeko, ziurrenik ez nukeen antzerkian jarraituko. Dejabu da indarrak gorde eta ateratzeko dugun etxea. Bestalde, gauden leku hau, Mikelazulo, oso figura inportantea izan da Orereta eta inguruetan, kultur ekimenak guztiz babestu baititu; hogei urte daramatza irekita eta gu hasieratik izan gara partaide. Horrek inguruko antzerki talde, musikari, ilustratzaileekin, artistekin harreman estua izatera eraman gaitu, eta horrela sostengatzen da konpainia.

Dejabu Panpin Laborategiko web orrialdeko ‘Nortzuk gara’ atala oso luzea da...
Eta asko faltako dira sartzeko. Egia dena da zerrenda horretako jendearekin etengabe kolaboratzen dugula, ez da gauza puntualak egin ditugula eta punto. Oraintxe bertan adibidez Metro Koadroka kolektibokoei zuzendaritza lanetan laguntzen nabil, eurek guri laguntzen digute... Sare antzeko bat sortu dugu, ofizialtasunetik at, ez gara enpresa, tarteko zerbait gara, eta bizirauten dugu elkar babesten dugulako. Hori existitzen da, eta zoragarria da.

‘Gizona ez da txoria’ (2009) lanak arrakasta handia izan zuen atzerrian, baina zailtasun asko etxean. Kanpoan txotxongiloarekiko beste ikuspegi bat dute?
Guztiz. Hemen gazte talde batek antzerki konpainia bat sortu eta aurrera egitea oso zaila da. Baina gainera lengoaia mailan esperimentatu nahi badu, kasik ezinezkoa da, miraria. Helduentzako egin genuen lehen lana izan zen Gizona ez da txoria eta hemen ez genuen lortzen inon ematea, horren sinplea da. Ez zitzaigun espaziorik eskaintzen lan hori plazaratzeko. Baina bihotz guztia jarri duzunean lan batean, alternatiba bila hasten zara eta horietako bat izan zen jaialdietara gutunak bidaltzea. Hala, hainbat tokitara gonbidatu gintuzten, Txekiar Errepublikara edo Serbiara adibidez, eta arrakasta izan genuen. Gainera, bidaia ordaintzen dizute, guztira gonbidatua zaude, oso ondo tratatzen zaituzte, eta konturatzen zara gurean zerbaitek huts egiten duela.

TO.PIC bezalako egitasmoek lagunduko diote euskal txotxongilogintzari, ezta?
Printzipioz oso ondo funtzionatzen du, atzean jende askoren pasioa eta indarra duelako. Luxu bat iruditzen zait. Txotxongiloen emanaldiak egiteaz aparte, antzezlanak sortzeko egonaldi artistikoak ere eskaintzen dituzte, eta artxiboa eta museoa ere baditu. Oso garrantzitsua da horrelako egitasmo bat Euskal Herrian egotea, gu oso ongi hartzen gaituzte bertan, eta hori asko eskertzen dugu.

Zinean atzean utzi da animazioa haur eta gazteentzako delako ideia. Are gehiago, azken urteetan plazaratutako filmik onenetakoak animaziozkoak izan dira, eta publikoak hori errekonozitzen du. Txotxongilogintzarekin horrelakorik gertatzea espero duzue?
Bai noski, hori espero dugu. Aurreiritzi asko dugu, eta horrek arteari orokorrean sekulako kaltea egiten dio. Nire ustez bazterrekoa izatea interesgarria da arteetan, independentzia ematen dizu nahi duzuna egiteko, aipatu dugun harreman sare erreala eratzeko balio du, laguntasunean oinarrituta, eta ez konpetitibitatean eta diru nahian. Eta gainera, galtzeko ez duzunez ezer, esperimentatu egiten duzu, ez duzu beldurrik; eta hor sortzen dira altxorrak. Guztiok egingo bagenu berdina, egin behar dela suposatzen den hori, interesa berehala galduko luke arteak. Gaur egun, antzerkian, komikietan edota animazioan dago sorpresarako tartea, merkatu orokorrean segur aski lekurik ez duten lanetan. Eskerrak bazterreko eremu hori hor dagoela, bestela merkatuak dena irensten du, dena homogeneizatzen du, eta horrela denok galtzen dugu.

Alde horretatik, publikoak orain gehiago eskatzen ditu ezohiko lanak?
Baietz uste dut. Are gehiago, uste dut denok exijitu behar diegula diru publikoz kultura kudeatzen ari diren agintariei, sortzaileek zein hartzaileek, ateak ahalik eta gehien zabal ditzaten guk denetik ikus dezagun, azkenean beraiek erabakitzen baitute. Nire ustez badute aniztasuna sustatzeko erantzukizuna, Euskal Herrian egiten diren gauza ezberdinei plaza ematekoa. Zentzu horretan, esango nuke bide luzea dugula oraindik egiteko.

Nolatan Ainara Gurrutxaga ‘Amaren eskuak’ filmeko protagonista?
Horixe galdetzen diot nik oraindik ere neure buruari. Egun batean Mireia Gabilondoren dei bat jaso nuen, eta esan zidan pelikula bat egitekotan zela eta protagonista nik egitea nahi zuela. Shocka izan zen niretzat. Nik ez nuen ordura arte zinean ezer egin, baina ezta telebistan ere, inoiz ez dut interesik ere izan, ez naiz inoiz proba batera aurkeztu. Argazkietan ateratzea ez zait gustatzen, kamera aurrean jartzea ere ez... Hilabete dexente pasa ziren erabakia hartu orduko. Era berean, tontakeria galanta iruditzen zitzaidan ezetz esatea; ez nuen ganorazko argumenturik ezetz esateko, uda hori libre nuen, lana zen... Gainera, horrelakoak behin bakarrik gertatzen dira, ezetz esanez gero ziurrenik ez nindukete berriz horrelako proposamen bat egiteko inoiz deituko, eta gainera emakume batek idatzitako eleberri batean oinarritutako filma izanik, emakume batek zuzenduta, euskaraz... Ostia, ez nuen arrazoirik ezetz esateko!

Zinea delako ezetz esatea... Azken finean, aktorea aktorea da!
Ezetz esatea absurdoa zen. Gainera, nire harra berez antzeztea da, eta horrelako antzezpen erronka bati ezin diozu ezetzik esan. Antzezpenarekin zerikusia duen edozer gauza niretzat erakargarria da. Are gehiago, badut tendentzia tonto bat, 36 urterekin oraindik konpondu ez dudana, eta da ezezaguna denak, misteriotsuak, kuriositatea sortzen didanak, nahiz eta buruak ezetz esan, azkenean badakit harrapatuko nauela.

Filmean ingelesez, gaztelaniaz, euskara batuan zein lekittarrez... Gidoia ikasteko prozesua ere ohikoa baino zailagoa izango zen.
Dudarik gabe. Bazirudien ahalik eta probarik zailenak jartzen ari zitzaizkidala. Saiatu nintzen lekittarraren erabilera ez zela beharrezkoa Mireia Gabilondo zuzendaria konbentzitzen. Baina tinko zegoen Mireia: "Horretaz ez dugu diskutituko, oso argi daukat!" esan zidan eta punto. Hasieran ezinezkoa egin zitzaidan, uste nuen ez nuela lortuko. Euskalkiek errespetu handia ematen didate. Beste aktoreren bat ikusi dudanean berea ez den euskalki batean pentsatu izan dut zergatik ez ote duten euskalki horretan hitz egiten duen aktore bat aukeratu. Nire kasuan ere, pentsatzen nuen izango zirela Lekeition sekulako aktoreak. Beraz, pisu horrekin, baina gogotsu ekin nio lanari. Zailtasun guztiak pasa ostean, konturatzen zara opari bat izan dela, pertsonaiari kolore gehiago ematen dio, eta artistikoki asmatu egin dugula iruditzen zait.

Baliteke jende askok ‘Amaren eskuak’ filmetik aparte, zure lanik ikusi ez izana. Gaur egun, telebistan edo zinean agertu ez den aktorea ez da existitzen?
Hori horrela da, ez da eztabaidatu daitekeen zerbait. Zinea eta telebista antzerkia baino jende gehiagorengana heltzen dira. Sarritan irakurri izan ditut beste aktore batzuen elkarrizketak, eta aipatzen dute injustua iruditzen zaiela. Nik ez dut uste injustua denik, agian da oso garbi dudalako nire bidea zein den, eta ez dut nire aktore lana jendearen balorazioaren arabera neurtzen. Bestetik, ikusleen aldetik ulertzen dut jende askok ez daukala antzerkira joateko aukerarik edo ohiturarik, eta zinera, eta telebistara zer esanik ez, askoz errazago jotzen dutela. Normala da.

‘Amaren eskuak’ aurten euskaraz egin den fikziozko film bakarra izan da. Euskal zinearen loraldia hasi orduko ari da zimeltzen?
Zinearen mundua ez dut ondo ezagutzen, orain arte barrutik ikusteko aukerarik ere ez dut izan, eta beraz, ez naiz gai iritzi sendo bat emateko. Baina gogoeta antzerkira eramanez, argi dago sistema kulturalak gabezia ikaragarriak dituela, eta goitik-behera berriz planteatu beharko litzatekeela. Niretzat, esperimentazioa eta bizirik dagoen kultura hobetsi beharko lirateke, hauei bidea erraztuz eta baliabideak eskainiz. Kanpokoak diren merkatu ereduak errepikatzen ditugu hemen, gauza arraroak egiten dira, eta lekua balego formatu txikiko edo bestelako lanak erakusteko, asko irabaziko genukeela uste dut. Ikus-entzutekoetan adibidez, prestatutako jende asko dugu hemen, baina agian ez da ordu eta erdiko lan handien garaia. Agian beste bide batzuetatik jo behar du Euskal Herriko sormenak.

'Hamlet'



Errautsak (2011) lanarekin 50 emanalditik gora egin, ikusleen txaloak jaso eta XI. Donostia Antzerki saria jaso ostean, Artedrama, Dejabu Panpina Laborategia eta Le Petit Théâtre du Pain konpainiak berriz batu dira antzerkizaleei beste harribitxi bat eskaintzeko asmoz. Kasu honetan, William Shakespearen Hamlet obran oinarritutako antzezlana prestatzeko. Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Xabier Mendigurenek egokitutako testua lagun, hilabete honetan Euskal Herriko antzokietan izango dira.

Shakespeare, XXI. mendean eta euskaraz. Nondik heldu dakioke horri?
Gu ere sorpresaz hartu gaitu. Hiru konpainiek betidanik gaiari heltzen diogu muinetik, hasiera-hasieratik, eta ezin dugu bistatik kendu benetan zein harreman duen gai horrek gure eguneroko bizitzarekin. Guk ez dugu Errusiako edo AEBetako ez dakit zertaz aritu nahi. Hemen eta orain gaurko belaunaldiotakooi zerk eragiten digun arduratzen gaitu beti. Hortik tiraka, Shakespearen Hamlet-ekin topo egin dugu, guk ukitu nahi genituen gaiak lantzeko abagune handia ematen baitigu.

Sinopsiaren arabera, "Obraren ekintza politikan oinarritzen da: gezurra, jukutria, kalkulua, konplota, diru-gosea... " XVI. mendean ez, hau XXI. mendean idatzitako obra bat da!
Shakespearekin hori gertatzen da. Mundu guztiak esaten du, "irakurtzen duzu eta aldiro iruditzen zaizu egungo gauzez ari dela hitz egiten". Gainera gai asko lantzen ditu batera, eta zuk nahi duzunari tira egin dakiokezu. Eta pentsa, gai horiek betikoak izan dira, baina momentu honetan oso oso agerikoak dira.

Azaroan hamahiru herritan izango zarete, bi egunetik behin leku ezberdin batean. Ezin esan daiteke ‘Hamlet’ ikusteko aukerarik ez denik izango.
Egia esan Errautsak lanetik, eta Ander Lipusek Artedramarekin lehenagotik ere bai, lan handia egina zuten sarea sortu eta lanak non erakutsi jakiteko orduan. Errautsak arrakastatsua izan zen, Dejabu Panpina Laborategiaren Gure bide galduak (2012) lanak ere harrera polita izan zuen, eta poliki zure lanak erakusteko harreman sarea egiten zoaz. Baina horretaz gain, funtzioak hain trinko egitearen arrazoia da hiru konpainia garela, eta bakoitza bere proiektu propietan ere sartuta dagoela. Horregatik, denok batera horrelako lan bat aurrera ateratzeko bide bakarra entsegu zein emanaldiak jarraian egitea da. Guztiok hartzen dugu hilabete eta erdi Hamlet-i eskaintzeko.

‘Errautsak’ lanaren arrakasta, Donostia Antzerki Saria... Publikoaren zein zeuen presioa sentitzen duzue?
Pixka bat bai. Zure lan batek harrera ona duenean, beti harritzen zara, inoiz ez baituzu lan egiten sekulako arrakasta izango duzula pentsatzen. Horrelakoetan galdetzen duzu: "Hau eta gero, zer egin dezakegu?" Pixka bat urduri jartzen zara. Baina sortzaile zaren aldetik, gai izan behar duzu egiten duzun lanen bat publikoak ez ulertzea edo ez ondo hartzea onartzeko. Alde horretatik, arriskatu egin behar du artistak. Beti onartua izateko lan egiten baduzu, ez duzu inoiz ausardiaz jokatuko. Oraingoan ausartak izan gara berriz, eta ikusiko dugu emaitza zein den.

‘Hamlet’ antzerkien antzerkia omen da. Zuentzat ere, orain arte egindako antzerkien artean, onena izan behar du?
Guretzat azkeneko obra beti da potenteena. Orain arte egin dugun guztiaren artean, hauxe izan behar da onena. Gure lan egiteko eran, beti zure erosotasun gunetik atera, eta mugak haustea da oinarria. Beraz, bideak haustura hori apurtzean datza, eta saiatuko zara aurreko obra baino haratago joaten. Azkena beti da aposturik handiena!