Aimé Césaire: Negritudearen poeta

Aimé Césaire: Negritudearen poeta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aime-cesaire-negritudearen-poeta/@@download/image/aime_1401791585.jpg
2014/06/04
erreportajea
testua: Peru Iparragirre
Aimé Césaire: Negritudearen poeta
Aimé Césaire (1913, Basse-Pointe, Martinika, 2008, Fort-de-France, Martinika) poeta eta politikariaren hamabost poema itzuli ditu frantsesetik Iñigo Aranbarrik, Susa argitaletxeak plazaratutako 'Munduko Poesia Kaierak' bildumako hirugarren alea osatzeko.


Hamabost poema horien artean dago Cahier d'un retour au pays natal (Sorterriratze baten kaiera); Césaireren lehen obra, eta ezagunena.
Beka bati esker Parisera joan zen ikastera. Bertan, Harlemgo Pizkundearen mugimendua eta Claude McKay ezagutu zituen. Bere identitatearen osagarri afrikarra, Martinikako gizarte kolonialeko alienazio kulturalaren ondorioz ezkutatua, berrezagutzen hasi zen, apurka-apurka. Eta 1934an, beste ikasle batzuekin batera sortutako L'Étudiant noir (Ikasle beltza) aldizkarian, lehen aldiz argitara eman zuen négritude (negritudea) kontzeptua, sistema kolonial frantsesaren opresioarekiko erreakziotik sortua, Afrika eta kultura afrikarra bultzatzeko eta ideologia kolonialistatik eratorritako arrazismoaren aurka ekiteko helburua zuena.
Hurrengo urteko udan hasi zen Cahier d'un retour au pays natal poema luzea idazten. Dalmazian hasi zuen, eta bertan bukatu 1938an. Hala ere, gerora hainbat aldiz moldatu eta berridatzi zuen. Lehen aldiz plazaratu zuenean, ez zuen poemak oihartzun handirik izan, baina urte batzuk geroago ezagun egin zen André Bretonen eskutik. Naziengandik ihesi Martinikatik pasa zen Breton, han izan zuen Césaireren berri, eta poemaren 1943ko edizio elebidunari hitzaurrea idatzi zion.
2008ko apirilean hil zen, atzean militantzia kultural eta politiko zabala, eta obra oparoa utziz. Intelektual afrikar eta amerikar beltzentzat kolonizazioaren eta asimilazio kulturalaren aurkako borrokan erreferente izan ziren Césaireren pentsaera eta poesia.

Bibliografia hautatua


Poesia
•    Cahier d'un retour au pays natal (1939).
•    Les armes miraculeuses (1946).
•    Soleil cou coupé (1948).
•    Ferrements (1960).
•    Moi, laminaire (1982).
•    Munduko Poesia Kaierak, Aime Cesaire (2014, Susa).

Antzerkia
•    Et les chiens se taisaient (1958).
•    La tragédie du roi Christophe (1963).
•    Une saison au Congo (1966).

Saiakera
•    Esclavage et colonisation (1948).
•    Discours sur le colonialisme (1950).
•    Discours sur la négritude (1987).