Aimarz musikariak 'Z' izeneko lehen diskoa kaleratu du
Aimarz musikariaren kantuak TikToken bidez dezente zabaldu izan dira, eta oraingoan hamabi abestiz osatutako diskoa plazaratu du zumarragarrak.
Musika aldetik hyperpop, reggaeton eta dembow erritmoak uztartu ditu, kpop arrastoekin batera. Bizitzako aldaketa momentu bat du oinarri diskoak, haustura baten ondorengo sentimenduak eta bizipenak kontatzen baititu. Harreman baten hondarretik norbere buruaren berrespenerako bidaia emozionala da Z, eta abesti bakoitzak etapa bat islatzen du.
Z kantuan oroitzapen gehiegi biltzen dituen hiri bat atzean uzteaz ari da musikaria, eta aaa abestian, berriz, lotura toxiko hori deskribatzen du. Zenbat alditan izeneko kantuan bakarrik sentitzearen ziurtasunik eza aztertu du, eta denada-n osotasunaren eta ezerezaren arteko barne borrokan dabil.

Janguea-n Euskoprincessekin kolaboratu du, eta bertan putzutik irten eta uda berri baten hasiera ote den sentipena azalarazi du. Ze-n, Anixerekin batera, uda emozional horren amaiera dator, eta Ezezagunak etxerako buelta da, beste bat izatearen sentipena duela. TikToken bolo-bolo ibilitako Entzun dezatela abestian aurrez aurre jartzen du onartzea hain zaila den egia: agian besteak zuk bera baino lehen ahaztu zintuen.
Berreraikuntza da gainerako abestietan islatu duena. Ozteguna-k kantuan unibertsitate giroko ostegun baten kontakizuna egin du, zauriak hainbeste min egiten ez duen garaikoa. Eta jaiaren ondoren ajea dator, Puta nostalgia, izan zenari, jada ez denari eta atzean utzitakoari buruzko gogoeta. Diskoari Urte berri bat abestiak ematen dio amaiera, Aiertekin batera.
Kantuak Aimarzek konposatu eta ekoitzi ditu, baina haietako batzuetan zenbait bidelagun izan ditu, hala nola Malakias, Og Gs eta Mattin Zeberio. Azken honek egin du lanaren nahasketa eta masterra.
Zuzeneko emanaldiak
Irailean hainbat tokitan jo du Aimarz-ek, tartean Zumarragan, bere herrian, Donostiako Boga Boga jaialdian eta Errenteak Atlantikaldian. Urriaren 4an Portugaleteko Sastraka gaztetxean izango da eta urtea amaitzerako, Gernikan arituko da, besteak beste.
