Aimar Irigoien: “Erakustaldietan kide dut harria; txapelketetan, arerio"

Aimar Irigoien: “Erakustaldietan kide dut harria; txapelketetan, arerio" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aimar-irigoien-erakustaldietan-kide-dut-harria-txapelketetan-arerioquot/@@download/image/56p68-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Aimar Irigoien: “Erakustaldietan kide dut harria; txapelketetan, arerio"
Aimar Irigoien errezildarra da. 19 urte ditu. Aitona Ramon zenak animatuta hasi zen "harri kozkorrak" bizkarreratzen. Bere itxurak bestelakorik pentsarazten duen arren, goizero kafesnea soilik gosaltzen du. Aitarekin lan egiten du: "Duela pare bat urte ikasketak utzi, eta igeltsero hasi nintzen". Piscis. Hiru anaia-arreben artean zaharrena. Oporretan Suitzan barrena ibili da.

Arrunt laket dut: Autoan musika entzuten joatea; baita, tarteka, tertuliak ere.

Ez dut parean ikusi nahi: Telebista gutxi ikusten dut, eta txutxumutxu saioak, batere ez.


Lasaigarri zait: Egun guztian lanean gora eta behera ibiltzen naizenez, etxekoekin edo lagunartean egotea.

Sutan jartzen naute: Jendearen esamesek. Inbidiak.


Gustura irakurri nuen: Egunero egunkaria irakurtzeko ohitura dut; kirol saila, batik bat.

Lo seko geratu nintzen irakurriz: Eskola garaian, irakurtzeko eman zidaten libururen bat edo…


Bertutea: Eskuzabala naiz.

Akatsa: Berez, pertsona lasaia naiz, baina urduri jartzeko joera dut; ez plazan, entrenatzen baizik.


Ametsa: Herri kiroletan, orain arteko martxa berean jarraitzea.

Amesgaiztoa: Aldamenean asko laguntzen ari zaidan laguna egun batetik bestera galtzea.


Barre algara eragiten didate: Lagunarteko zenbait pasadizok eta txisteek.

Negargura ez dut urruti: Musika lasai entzuten dudanean, oroitzapen onez gogoratzen naizenean.


Urrea: Beti aldamenean izaten dudan lagun min bati; ez dut izenik eman nahi...

Ikatza: Jendea askori; palaka, gainera! Adibidez, politikariei.


"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ez dut pauso hori eman; "gai" horretan lotsati samarra naiz…

"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon". Ez naiz inoiz ate ondoan egon, beti zabaldu izan baitidate.


Horra esaldia: "Ez da ezer behar ez jasotzeko, eta asko behar da bizkarreratzeko": Egia da. Harria kide dut erakustaldietan, eta txapelketetan, aldiz, arerio.

"Harri jasotzaile baldarra naiz": Harri kubikoekin, batik bat. Ez dago harri guztiekin iaioa den harri jasotzailerik. Nik harri handiak atsegin ditut.


Hatzak zupatzen ditut: Legatza entsaladarekin jaten dudanean. Baita txuleta on batekin ere.

Gogoko ez duzun jakia: Arroz-esnea, eta mamia.


Dirua ordainduko nuke: 330 kiloko harria altxatzeagatik; errekorra, alegia.
Ez nioke xentimorik emango: Ogasunari.