Aida Etxebarria eta Nerea Izagirre (Boleibol jokalariak): "Olinpiar jokoetara joatea da gure ametsa"

Aida Etxebarria eta Nerea Izagirre (Boleibol jokalariak): "Olinpiar jokoetara joatea da gure ametsa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aida-etxebarria-eta-nerea-izagirre-boleibol-jokalariak-olinpiar-jokoetara-joatea-da-gure-ametsa/@@download/image/kirola_1441270161.jpg
2015/09/10
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Euskal Herriko hondartza boleibolak etorkizun oparoa du Aida Etxebarriak
(1995, Galdakao) eta Nerea Izagirrerk (1995, Bilbo) osatutako bikotearen eskutik.
21 urtez azpikoak izan arren, aurten Euskadiko txapeldun nagusi ere izan dira.
Europako txapelketa jokatzetik datoz.

Apirila bitartean areto boleibolean aritzen dira. Aida Etxebarria Haro Rioja Voley (Haro, Espainia) taldean, Espainiako Superligan, eta Nerea Izagirre Galdakao Boleibol Taldean. Euren taldeekin denboraldia amaitu bezain laster, ordea, hondartzako bikotea osatzen dute, Galdakaoko taldearen izenean. Iaz 21, urtez azpikoen mailan, Euskadiko txapeldunak Espainiako azpitxapeldunak eta Europako bederatzigarrenak izan ziren. Aurten, Euskadiko txapelketan maila nagusian gailendu dira, Espainiakoan gauza bera lortzeko hautagai dira eta Europan ziur iazkoa hobetuko dutela.

Hondartzako boleibolaren txapelketak amaitzear dituzuela, nola baloratzen duzue aurtengo denboraldia?

[Nerea Izagirre]: Pixkanaka hobetzen ari gara, eta hondartzako txapelketetan emaitza onak lortu ditugu. Laredoko (Espainia) txapelketan, adibidez, hirugarren postua lortu genuen, eta Munduko Txapelketetan jokatzen duten bikoteekin lehiatu ginen.

Oker ez banago, hondartzakoa amaituta, pistako boleibola hasiko duzue aurki.
[Aida Etxebarria]: Hala da, urtea bi zatitan banatzen dugu. Orain, hondartzako denboraldia bukatuta, boleibol arrunteko entrenamenduak hasi ditugu eta apirilera arte luzatuko da denboraldia, hondartzakoa iritsi bitartean.

Hondartzako boleibolari atxiki ohi zaio udako beroaren gogortasuna. Euskal Herriko jokalariengan badu horrek eraginik?
[N.I.]: Entrenamenduetan ez, arratsaldeko 19:00etan egiten baititugu normalean, eta alde horretatik, hemengo klimak laguntzen digu. Baina txapelketak Andaluzian edo Murtzian izaten direnean gogorra izaten da, 40 gradutik gorako tenperaturekin jokatzen baitugu. Zorabioak eta indar galerak egoten dira hainbatetan, eta garrantzitsua da behar bezala hidratatzea.

Bion arteko sinkronizazioak zenbaterainoko garrantzia du?
[A.E.]: 64 metro koadroko esparruan jokatzen dugu. Oso esparru handia da, eta, gainera, hareak ere gauzak zailtzen dizkigu. Beraz, bi lagunen artean soilik espazio hori guztia kontrolatu ahal izateko sinkronizazioa beharrezkoa da.
Batzuetan, keinuen bitartez komunikatzen gara zelaian estrategiak garatzeko.

Iazko emaitzek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jasotzea ahalbidetu dizuete. Zaila al da gaur egun kirolari izateko babesa eskuratzea?
[A.E.]: Oso zaila da kirol guztietan, baina are zailagoa hondartza boleibola bezalako kirol batetan. Gaur egun, futbolari eta halakoei soilik ematen diete dirua, eta beste kirolak nahiko ahaztuta geratzen dira zoritxarrez.

Gauzak horrela, ikasten jarraitzen duzue. Zaila al da ikasketak eta kirola uztartzea?
[A. E]: Noski. Ni Jarduera Fisikoen Zientziak ikasten ari naiz eta ez da erraza boleibolarekin uztartzea. Alde batetik, entrenamenduak eta prestaketa fisikoa aurrera eramateak denbora asko eskatzen duelako, eta bestetik, klase teorikoak eta praktikak izateak denbora gehiago kentzen duelako.
[N.I.]: Ni Biokimika eta Biologia Molekularra ikasten ari naiz, eta ohiko klaseetatik aparte, adibidez, nik ere laborategi orduak ditut. Aurten arratsaldez izan ditut klaseak eta goizez laborategia; 9:00etan heltzen nintzen unibertsitatera eta 19:00ak aldera atera, eta ondoren entrenatzera. Funtsezkoa da egiten duguna estimatzea bide honetan jarraitzeko indarrak izan nahi baditugu.

Boleiboletik bizitzea posible al da?
[A.E.]: Posible da, baina Espainian oso zaila da. Jokalaririk onenak bakarrik bizi daitezke boleibola bezalako kirol gutxitu batetatik. Eta boleiboletik bizi diren kirolarien bizitza gainontzeko langileen bezalakoa da, ez du inondik inora futbolari batek eduki dezakeen bizimoduarekin zerikusirik.
[N.I.]: Espainian oso jende gutxi bizi da boleiboletik, Olinpiar Jokoetara joateko prestatzen ari direnak bakarrik. Horiek ere unibertsitatean jarraitzen dute normalean, kirola uzten dutenean biziraun ahal izateko.

Euskal Herrian hondartza boleian emaitzarik onenak lortu dituen bikotea zarete, eta Europan hamar onenen artean kokatu zineten iaz.
[A.E.]: Egia esan, guretzat eta gure ingurukoentzat sorpresa izugarria izan zen iaz Europako Txapelketan hamargarren postua lortzea, halako txapelketetan dauden bikoteak goi-mailakoak baitira.
[N.I.]: Bestalde, Euskal Herrian hondartzako boleibolak indar gutxi du, eta ondorioz, bidea irekitzea nahiko zaila egin zaigu. Gainera, Europako Txapelketara joateko Espainiako selekzioak aukeratu behar zaitu, eta, horretarako, Espainiako Txapelketan emaitza onak lortzea funtsezkoa da.

Aurten berriro ere sailkatu zarete Murtzian lehiatuko den Europako Txapelketara. Nola bizitu zenuten iaz?
[A.E.]: Lehenengo egunetik oso urduri egon ginen, ondo jokatzeari garrantzia handia ematen geniolako. Baina guretzat han egote hutsa jada sekulako saria zen, eta hasierako urduritasunak alde batera utzi eta egun bikainak pasa genituen.
[N.I.]: Ez genuen inolako presiorik, Europako Txapelketarako sailkatzea dagoeneko lorpen handia baitzen guretzat. Baina, hala ere, Europako bikoterik onenen aurka aritzeak urduritasuna eragiten du.

Nola baloratzen duzue hondartzako boleibolak Euskal Herrian bizi duen egoera?
[A.E.]: Azken urteetan indarra hartzen ari da, eta jokalariak urtez urte hobetzen ari gara. Hala ere, oraindik lan handia dugu, batez ere, kirola jendearengan ezagutzera emateko.

Generoari erreparatuz, nola dago kontua?
[N.I.]: Euskal Herrian, oro har, neska gehiago ari da hondartza boleibolean mutilak baino. Hala ere, azken urteetan mutilen taldeak ugaritzen ari dira.

Zer behar du boleibol jokalari on batek?
[A.E.]: Alde batetik fisiko egokia izatea, eta bestetik, mugimenduetan zein erabakiak hartzeko orduan bizkorra izatea.
[N.I.]: Esan ohi da %20 egoera fisikoa dela, %30 teknika eta %50 burua.
Momentu garrantzitsuetan burua hotz mantentzea da garrantzitsuena, egoera zailetan aurrera egiteko gaitasunean buruak agintzen baitu.

Erreferentziazko boleibol jokalaririk baduzue?
[A.E.]: Hondartza boleibolean, egia esan, Euskal Herrian ez dugu erreferentzia argirik izan, gu hasi ginenean ez zegoelako kirol honetarako zaletasun handiegirik.
[N.I.]: Espainian, aldiz, Liliana Fernández eta Elsa Baquerizo dira gure erreferentziak. Kirolari ezinhobeak izateaz aparte, oso neska dibertigarriak eta apalak direlako.

Azkenik, etorkizunari begira, zein dira zuen erronka nagusiak?
Gure erronka nagusia ahalik eta mailarik hoberenean lehiatzea da, eta Espainiako selekzioarekin Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartzen jarraitzea. Eta gure ametsa Olinpiar Jokoetara  joatea da. Horretarako garrantzitsuena jarrera egokia eta esfortzua dira, eta, beraz, orain arte aritu garen bezala jarraitu behar dugu.
*Elkarrizketa egin ostean jokatu dituzte Espainiako eta Europako txapelketak..