AHT-ren dirua komun zulotik behera joaten da

AHT-ren dirua komun zulotik behera joaten da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ahtren-dirua-komun-zulotik-behera-joaten-da/@@download/image/aht_desobeditu_1371451452.jpg
2013/06/17
erreportajea
Mugitu! (AHT Gelditzeko plataforma)
AHT-ren dirua komun zulotik behera joaten da
Gaur egun, krisiak gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak prekarizatzen ari dituenean, gobernuek azpiegitura erraldoien politikarekin aurrera jarraitzen dute: EAE-n eta Nafarroan, boterean dagoen klase politikoak Hego Euskal Herrian 10.000 milioi euro kostako den egitasmo honekin tematurik jarraitzen du.

Honek AHT-an xahututako dirua komun zulotik botatzea esan nahi du, lehentasunezkoak diren arlo sozialeko, ekonomiko edo kulturaleko egitasmoak bultzatu ordez. EAE-n, Eusko Jaurlaritzak gastu sozialean murrizketa larriak ezarri dituen bitartean, "Euskal Y"-ren eraikuntzarekin tematurik jarraitzen du, aurten 564 milioi euro zuzentzen dizkio nahiz eta estatuko gobernuak aurrekontuetan %40 murrizketa egin duen. Nafarroan berriz, gobernu foralak Iruñea eta Kastejon lotzeko 70 km-ko AHT zatia eraikitzen jarraitzen du, nafarroako ogasunak 300 milioi euro aurreratu ditu jada, eta 45-60 milio arteko prestamo baten interesak ere bere gain hartu ditu, eskandalu ikaragarria beraz.

Xahuketari lurraldearen suntsiketa gehitu behar zaio, gobernu buruek duten logika predatzailearen ikurra da AHT-a. Ingurumenean eragiten duen txikizioa, energia kontsumo andana, lurralde antolaketan sortzen duen desoreka eta duen gastu ekonomikoak diru publikoarentzat egitasmo jasanezina bihurtzen dute: errentagarritasunik ez duen amaigabeko zuloa eta etorkizuneko belaunaldientzat hipoteka onartezina da AHT-ren ondare bakarra.

Gobernuek AHT-ri zuzentzen zaion dirua komun zulotik behera botatzen jarraitzerik ezin dugu utzi,gizartearen sektore gero eta zabalagoak miseriara kondenatzen dituzten bitartean eta lurra zatitzen eta txikitzen jarraitzen duten bitartean. Inposaketa eta AHT-a desobeditu dezagun!