Ahozko jardunari buruzko 'Mintzola' ikerketa-sarien deialdia egin du Euskaltzaindiak
Euskararen ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik. Bi deialdietan hizkeraren adierazkortasuna da lehentasunezko ikerketa-lerroa. Lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko zortzi gradu- eta master-amaierako lan sarituko dira, bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda; bigarrenean, aldiz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta bi sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.
Gradu- eta master-amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkeztu daitezkeen egitasmoak 2023-2024 ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira. Lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bidali beharko dira helbide elektronikora honetara: mintzola@euskaltzaindia.eus. Apirilaren 30era arte aurkez daitezke eskaerak eta lanen egitasmoak eta irailaren 30ean ikerketa-lanak amaituta entregatu beharko dira.
Ikerketa-lanei dagokionez, ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko asmoz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu beharko du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak maiatzaren 31ra arteko epean aurkeztu behar dira eta hautatutako ikerketa-lanak 2025eko otsailaren 28a baino lehen entregatu beharko dira.
Hemen jaso dituzte xehetasun gehiago. Deialdiaren inguruko zalantzarik izanez gero, helbide elektroniko honetara idazteko jakinarazi dute: mintzola@euskaltzaindia.eus.
