Ahotsenea Durangoko Azokan ez eze, Literaturian eta Araba Euskarazen ere bai

Pandemiaren eraginez, aurtengo Durangoko Azokak izugarri murriztu beharko du egitaraua, eta ondorioz, baita bertan Ahotseneak izan ohi duen eskaintza ere. Aurreko urteetan, bataz beste, 70 zuzeneko musika aurkezpen eta 40 solasaldi inguru antolatu ohi ditu. Covid-19aren garai honetan berriz, 8 hitzaldi eta 35 zuzenekora mugatu behar izan dute egitaraua. Aurreko urteekin alderatuta musika aurkezpenak %50 jaitsiko dira eta literatur solasaldiak %80 murriztuko dira. Hori dela eta, Ahotseneak aukera eskaini nahi dizkie Durangoko Azokan euren lanak erakutsi ezinik geratuko diren sortzaileei.
Miren Narbaizak, Ahotsenearen koordinatzaileak, azaldu du Ahotsenearen oinarrizko bi helburuak erdiestea erabaki dutela. Batetik, ahalik eta euskal idazle eta musikari gehienei eskaintzea sormen lan berriak erakusteko plazak, eta bestetik, ahalik eta herritar gehienek jasotzea euskal idazle eta musikarien sormen lan horien berri. Horregatik, aurtengo ez-ohiko egoerari erantzuteko asmoz, aukera osagarriak aztertu ditu lantaldeak. Horrela bada, udazkenean antolatuko diren zenbait ekimenetan Ahotseneak plaza aurkitzea izan da helburua Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratu daitezkeen sortzaileentzat.
Eskainiko diren plazak
Horrela bada, hainbat ekimenetako antolatzaileekin elkarlanean, Ahotseneak plaza izango du liburu eta disko berriak aurkezteko:
- Literaturia (Zarautz, irailak 25-27)
Irailaren 26an, egun osoz, Ahotseneak liburu berrien aurkezpen solasaldiak antolatuko ditu.
- Araba Euskaraz (Amurrio, urriak 18)
Jaia bere osotasunean bertan behera utzi badute ere, Ahotsenearekin pandemiaren aurretik ekitaldia berezia adostu zen eta ekitaldia mantenduko da. Horrela bada, 8 musika taldek aukera izango dute zuen lan berriak zuzenean aurkezteko.
- Horiez gain, kultur adierazpide guztiak jaso asmo dituen - literatura eta musika barne, noski - bilduko dituen hirugarren jaialdi bateko deitzaile- antolatzaileekin harremana izan du Ahotseneak bertan ere 2020ko liburu eta disko berrien aurkezpenak burutzeko. Jaialdia udazkenean gauzatuko da.
Izen-ematea
Ahotseneak aurten eskainiko dituen plazetan parte hartzeko izen-ematea irailaren 14an zabalduko da goizeko 9:00etatik aurrera www.ahotsenea.eus webgunearen bidez. Sortzaileek norbere arloari dagokion hiruna plaza izango dituzte euren lan berriak aurkezteko. Idazleen kasuan Literaturian, Durangoko Azokan eta iragartzeke den jaialdian, eta musikarien kasuan Araba Euskarazen, Durangoko Azokan eta iragartzeke den jaialdian. Lehentasunen arabera aukeratu beharko dute.