Ahots zentzakaitzak

Ahots zentzakaitzak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ahots-zentzakaitzak/@@download/image/lin_ton_taun_jo_1378467892.jpg
2013/09/09
erreportajea
90eko hamarkadako talde ezagunenetakoa bueltan da. DNA-n musika daramaten horien patua.


Zestoar trikitilari bikotea seikote bilakatu zen unean jaio zen Lin Ton Taun. Hamazazpi urte inguru zituzten Joseba Illarramendik (soinua eta ahotsa) eta Jon Rezabal ‘Munatxo’-k (panderoa eta ahotsa), gaztetxean kontzertu bat eskaintzeko Raul Olaizola (gitarra), Apolinar Etxeberria ‘Apolio’ (gitarra), Bitor Tena ‘Bitti’ (baxua) eta Eneko Iribarrekin (bateria) batu zirenean; ikus-entzuleen harrera ona ikusirik, bertan entseatzen hasi ziren, eta abiada hartuta, Raul eta Enekoren anaien laguntzaz lehen maketa grabatu zuten hurrengo urtean IZestudioetan. "Negu Gorriak taldeko Kaki Arkarazok estudio hartan egiten zuen lan teknikari gisa, eta horri esker Fermin Muguruzak gure lana entzun zuen; gustatu, eta Esan Ozenki diskoa grabatzeko aukera eskaini zigun, baita haiekin jotzekoa ere… Horregatik diogu Lin Ton Tauni ateak zabaldu zizkiona ez zela Fermin izan, taldekideon anaiak baizik!".

Ondorengo urteetan lau lan grabatu zituzten. Energia eta freskotasuna zerien lehen biei; hirugarrenak, aldiz, abesti landuagoak barneratu zituen, bide berriak jorratu nahian. Baina estudiora sartzear zirela, laugarrena osatzeko asmoz, Illarramendik taldea uztea erabaki zuen "arrazoi pertsonalak tarteko. Unibertsitatea amaitu berri nuen eta lanean hasi nintzenez, ez nuen taldearen erritmoa eten nahi". Hala, Micro lana kaleratu eta gutxira, taldea desegin egin zen.

Izar handiek egin ohi duten eran, ordea, haien jaioterriko Patana Fest jaialdian aritzeko bildu ziren iragan ekainean, hamabi urte eta gero. "Gazte garaietan bizitakoa oso intentsoa izan zen, hemezortzi urterekin gainera etorri baitzitzaigun dena; orain, aldiz, gogotsu gatoz!".

... eta gaur


Zertan zabiltzate egun? Profesionalki musikari loturik jarraitzen duzue?
Ez, musikatik ez gara inoiz bizi izan, ezta orain ere –barrez–.

Hamabi urteren ostean, berriz ere elkartu eta sekulako kontzertua eskaini zenuten herrian. Nolakoa izan zen hura?
Izugarria, ezin dugu hitzez adierazi orduan bizitakoa. Momentu errepikaezina izan zen, bizian behin gertatzen den horietakoa… merezi izan du hamabi urte zain egon izanak!

Jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, Zestoakoaren ostean gure motibazioa topera dago! 40 urteren bueltan ibili arren, indar handiz gatoz eta zuzenekoetan dena emango dugu. Sorkuntza aldetik oraindik ez gara serio jarri, baina ideiak ateratzen hasi dira…

Oso kritikatuak izan zineten diskoak euskaraz eta gazteleraz argitaratzeko hartu zenuten erabakiagatik. Zer duzue esateko horren inguruan?
Ezer ez. Esan beharrekoak bere garaian esan genituen.

Zer du soberan euskal musikagintzak? Eta aldiz, zer faltan?
Soberan ezer ez, eta faltan, berriz, gauza ezberdin eta berritzaileak aurrera ateratzeko behar adina babes eta laguntza jasotzea. Baina ez musika alorrean bakarrik, orokorrean baizik.