'Ahots Planeta' literatur podcastaren zuzeneko saioa egingo dute Bilbon
Azkue Fundazioak eta Euskal Idazleen Elkarteak ekoiztutako Ahots Planeta literatur podcast feministak zuzeneko saioa egingo du Bilboko Euskararen Etxean maiatzaren 27an, 19:30ean hasita, Sorkuntza poetikotik itzulpengintzara izenburupean. Podcastaren gidari diren Garazi Albizua eta Idoia Carramiñanaz gain, Leire Bilbao idazlea eta Bego Montorio itzultzaile eta interpretea izango dira saioan.
Sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek eta oparitxo bereziren bat izango dela ere aipatu dute. Bertaratu ezin duenak Twitter Space bidez jarraitu ahal izango du emanaldia, @IdazleElkartea kontuan.
Ahots planeta podcasta literatura feminista sustatzeko sortu zen eta dagoeneko lau atal zabaldu dituzte sarean. Liburu bat aztertu ohi dute saio bakoitzean eta idazketa ariketak ere proposatzen dizkiete entzuleei.

