'Ahora', Kilometroak 2013ko kanta

'Ahora', Kilometroak 2013ko kanta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ahora-kilometroak-2013ko-kanta/@@download/image/ahora_1360150989.jpg
2013/02/06
berria
Sekula baino lehenago, Inauterietako, kaleratu du Tolosako Laskorain ikastolak 2013ko Kilometroak-en kanta. ‘Ahora’ lelopean, Glaukoma taldeak, Bonberenea txarangak eta ikastolako ikasle nahiz ikasle ohiek hartu dute parte, eta reggae eta rap ikutudun abesti txukuna aurkeztu dute.


Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia, urriaren 6an —igandea— egingo dute aurten, eta Tolosako Laskorain ikastola hasia da dagoeneko prestaketa lanetan. Hala, bi hilabeteko epean eta inoiz baino azkarrago osatu dute jaialdiari doinua jarriko dion kantua, Ahora, eta Tolosako Inauteri ospetsuen aurretik aurkeztu dute.

Izan ere, bihar bertan hasi eta datorren aste osoa iraungo duten jaietan kanta ezagutaraztea da helburua, eta horretarako, herriko taberna eta elkarteetan zabaldu dute. Beraz, egunotan Tolosara hurbiltzen zareten guztiek reggae eta rap doinuekin egingo duzue dantza.

Aldatzen hasteko
2013ko Kilometroak-en antolatzaileek, gure artean oso ohikoa den errealitatea hartu dute hizpide aurtengo leloa osatzeko: euskara jakin arren, erdaraz aritzeko joera duen jendea. Horregatik, haiei zuzendu nahi izan diete mezua, beldurrik gabe gure hizkuntza ahoratu dezaten.

Kantua herritik sortua izan zedin nahi izan zuten hasieratik, eta musika talde ospetsuren bati edo artista bakar bati egiteko eskatu beharrean, Tolosako herritarren laguntzaz sortzea erabaki zuten. Beraz, Glaukoma taldeari eman zioten enkargua, eta haiekin batera aritu dira, besteak beste, Bonberenea txaranga eta Laskorain ikastolako gazte eta ikasle ohiak.

Denen lanak eman du bere fruitua, eta dagoeneko hemen bertan entzun dezakezue kanta. Gozatu!