Ahalduntze Bertso Eskolan izena emateko epea ireki du Bertsozale Elkarteak
Zortzigarren ikasturtea abiatuko du Bertso Eskola Feministak, plazako bat- bateko jardunari begira trebatu nahi duten emakume* bertsolariei begira. Ikasturtea urriaren 8an hasiko dute, eta hilean behin elkartuko dira, larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara, ekainera bitarte, Amasa- Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan. Bi talde egiteko adina lagunek izena emanez gero, talde bat Durangon biltzeko aukera aztertuko dute. Dena den, lehenengo hiru saioak talde osoak batera egingo ditu, txapelketa nagusiko saioen harira: urriaren 8an Donostian, azaroaren 12an Durangon eta abenduaren 3an Bilbon.
Irailaren 29ra arte eman daiteke izena formularioa beteta. Ikasturte osorako edo hiru hilabeteka eman daiteke izena. Taldea osatzerakoan lagun kopurua gaindituz gero, izen-ematea ordena aintzat hartuko dela jakinarazi dute. Irailaren 30ean emango da taldearen osaketaren berri, eta orduan egin beharko da matrikula, 150 euro ordainduta.
Bertsolaritzan emakumeak plazan izateak duen garrantziaz jabeturik, eta emakumeen jendaurreratzean ematen diren ezaugarri orokorrak kontuan hartuta, bertsolaritzan aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola Feminista 2015-16 ikasturtean. Konpromisoa,aniztasuna eta esperimentazioa ditu oinarri.


