Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren ikasturte amaierako jaia egingo dute Durangon eta Iurretan
2015-2016 ikasturtean egin zen lehendabiziko aldiz Ahalduntze Bertso Eskola Feminista, eta ikasturtero egin dute ordutik. Aurtengoan festa giroan elkartuko dira ikasturteari amaiera emateko. Parte hartzaileen lana plazaratzeaz gain, proiektua ezagutaraztea eta bertso munduko emakumeak* elkartzea izango dira Bertso* Egunaren helburu, ondo pasatzearekin batera.
Egun osoko egitaraua antolatu dute biharko. Eguerdiko hamabietan bertso-poteoa egingo dute Durangon, eta ordu bi eta erdietan bazkaria Iurretako Abadetxean. Arratsaldean, bost eta erdietan, bertso saioa izango da eta, zortzietan, Erre ikuskizunaren azken emanaldia egingo dute Plateruenan.
Durangon eta Amasa-Villabonan elkartu dira hilero, larunbatetan, Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak. Guztira, hogeita hiru bertsolari eta hiru gai-jartzaile aritu dira. Kantatu, hausnartu, estrategiak elkarbanatu eta zalantzak eztabaidatzeko baliatu dituzte eskolak.
