Agur Googleren Cookieei

Webgune bat bisitatzen dugun bakoitzean bertako cookie-al onartzeko pantailatxoa agertzen zaigu; nekagarria izateaz gain, ez dugu leihotxoak kontatzen dizkigun arauak irakurtzeko astirik edota gogorik, eta hala, ez dakigu zer onartzen dugun cookie horiekin. Sistema hau erabiltzaileentzat gogaikarria bada ere, oso eraginkorra da publizitate pertsonalizatua diseinatzeko garaian, erabiltzaileon datu pertsonalak masiboki jasotzen baititu bilatzaileak, ondoren publizitate agentziei saltzeko.
Alta, Googlek sistema honekin amaituko duela iragarri berri du; zehazki, Chrome bilatzailea erabiltzen dutenen datu indibidualak saltzeari utziko diola adierazi du (munduko erabiltzaileen %63 Chrome aukeratzen du). Hala, cookieeak 2022. urterako desagertuko dira.
Googlek adierazi duenez, erabiltzaileen zein enpresen pribatutasuna hobeto zaindu eta errespetatzeko asmoa du. Hain zuzen, geroz eta gehiago dira Google abandonatu dutenak pribatutasuna urratzeagatik. Baina, nondik aterako du orain Googlek dirua? Hain zuzen, bere irabazien %40 cookieen sistemarekin lortu du orain arte, Youtube, Facebook eta bestelako publizitate sistema itxietatik datorren bisita kopurua kontuan hartu gabe.
Gauzak horrela, FloC (Federated Learning of Cohorts) izeneko estrategia jarriko du martxan Googlek; sistema honekin, indibidualki datuak jaso eta publizitate agentziei saldu horrez, datu horiek antzeko gustuak dituzten erabiltzaileen datuekin nahastuko lirateke, target ezberdineko taldeak osatuz. Publizitatea pertsonalizatua izaten jarraituko luke, baina agentziek ez lukete erabiltzaile bakoitzaren pribatutasuna urratu dezakeen informaziorik jasoko. Proposamen honek zalantza handiak eragin ditu, adituen ustetan ezinezkoa baita erabiltzaileak taldeetan sailkatzea informazio pertsonalean arakatu gabe. Oraindik ikusteke dago beraz sistema hau hobea ala okerra izango den.