Eraso sexualak jasandako biktimen arropen bildumagilea

Eraso sexualak jasandako biktimen arropen bildumagilea Eraso sexualen ondoren biktima maiz errudun sentitzen da eta bizirik irtendakoei beti galdera berdina egiten zaie: zer zeneraman jantzita? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/agresio-sexuala-jasan-duten-biktimen-arropen-bilduma-egiten-duen-emakumea/@@download/image/street3.jpg
2019/04/11

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Eraso sexualen ondoren biktima maiz errudun sentitzen da eta bizirik irtendakoei beti galdera berdina egiten zaie: zer zeneraman jantzita?
Eraso sexualak jasandako biktimen arropen bildumagilea

Hori dela eta Jasmeen Patheja, artista eta ekintzaileak, biktimek emandako arropa bildumatzen du beraiek ez direla errudunak adierazteko. Horrela, Indiako Bangalore hiriko gela txiki bat museo moduko batean bilakatu da hamaika arropaz josia. Bakoitzak bere historia du, arropa horiek agresio sexual batetik bizirik ateratakoen piezak baitira.

Bilduma horretan dago pieza bakarreko lan-jantzi moduko bat, gorria eta beltza. Arropa horrekin atera zen bildumako emakumeetako bat Bangaloreko kaleetara urte berria ospatzera eta agresio sexual masibo baten erdian aurkitu zen bat-batean. Patheja-ri kontatu zionez, jendea zoratzen hasi zen bertan ziren emakumeak ukitzen eta oldartzen eta noski, bera ere erasotua izan zen bertatik ateratzen saiatzen ari zen bitartean.

Museo txiki horretan badago estanpatu gorri eta beltzekin osatzen den krema koloreko tunika bat, pieza harrigarriki sinplea. Coimbatore hirira trenean zihoala eskukatua izan zen emakume batek eman zion, artistari esan zionez agresioa salatu ez zezan konbentzitu zuten.

Montrealeko emakume baten soineko arrosa ere bertan dago. Pathejari aitortu zionez, berak ez bazuen nahi bota egingo zukeen, edukitzeak berak gaixotu egiten omen zuen eta. Badaude gehiago ere: soineko zuri bat, bainujantzi bat, txabusina bat, galtzak, eskolako uniformea... emakume guztiak, salbuespenik gabe, genero biolentziaren jomuga garela adierazten duten ispiluak dira arropa hauek. Ez baitu axola nola janzten zaren, biolentziarako ez dago inoiz aitzakiarik eta ez da inoiz eskatzen. Hori dela eta proiektuaren izena Nik ez dut inoiz eskatzen (I never ask for it) da.

Proiektuaren helburua trauma eta min guzti horien atzean dauden historiekin biolentzia mota hau ikusaraztea da. Artistak dionez, 23 urterekin, Bangalorera bizitzera iritsi zenean kaleko erasoak gutxietxi egiten ziren, gizonezkoek egiten zuten zerbait balitz bezala eta emakumezkoentzat hori jasatea normala balitz moduan. Gaiaren inguruan ukazioa eta isiltasuna zauden eta horregatik bazirudien ongi zegoela horrekin jarraitzea.

Isiltasun horrekin hautsi nahian gaiaren inguruko eztabaidak bultzatzen hasi zen. Egun batez ikasle guztiak bildu zituen eta esan zien aipatzeko espazio publikoaren inguruan bururatzen zitzaizkien hitzak. Berehala, hitz negatiboz osatutako mapa erraldoi bat egin zuten. Emaitza ez zen ezustekoa izan ordea, espazio publikoetako jazarpena oso ohikoa baita eta ia emakume guztiek esperimentatu dituzte lausenguak, komentario lizunak eta ukitzeak. Egoera hauek ezbaian jartzen dituenari bere errua dela esaten zaio, agian zerbait probokatzailea egin duelako, azal gehiegi erakusten duen arropa daramalako edota berandura arte kalean egon delako.

Emakumezkooi beldurrean hezi gaituzte, kaletik tentuz ibiltzeko esan izan digute. Barru-barruan iltzatzen digute beldurra. Hain zuzen, beldur horri aurre egiteko Blank Noise kolektiboa sortu zuen Pathejak 2001ean. Bere ustetan erruak lotsara eramaten baikaitu, eta lotsak erruduntasunera eta erruduntasun horrek isiltasunera; eta isiltasun honek betikotu egiten ditu biolentzia sexualak. Ekintzaileak dioenez beldurrari aurre egiteko lehen pausua horretaz hitz egitea da eta horregatik kolektiboak emakumezko ezberdinen testigantzak jasotzeari ekin zion.

Testigantza horietan adin ezberdinetako emakumeak zeuden, baina guztiek erabaki zuten beste datu askoren artean erasoa gertatu zenean zer zeramaten jantzita aipatzea eta horrek eman zion arropa bildumatzearen ideia. Objektuak askotan testigu izan baitaitezke eta baita gertatu zenaren ahots ere.