Agorafobiadun argazkilariak mundua erretratatzen du Google Maps bidez

Agorafobiadun argazkilariak mundua erretratatzen du Google Maps bidez Oraintsu arte argazkilari hau bezala egon gara guztiok ere. Horregatik, beharbada bere testigantzak hain beharrezkoa dugun baikortasuna eta perspektiba ekarri liezaguke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/agorafobiadun-argazkilariak-mundua-erretratatzen-du-google-maps-bidez/@@download/image/Captura de pantalla 2020-05-04 a las 7.10.44.png
2020/05/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Oraintsu arte argazkilari hau bezala egon gara guztiok ere. Horregatik, beharbada bere testigantzak hain beharrezkoa dugun baikortasuna eta perspektiba ekarri liezaguke.
Agorafobiadun argazkilariak mundua erretratatzen du Google Maps bidez

Etxean giltzapetuta, leihotik, zorteduna bazara balkoitik, mundua begira egunak pasatzen ditugu azkenaldian eta arteaz gain, Internet dugu mundutik bidaiatzeko modu bakarra. Horrela bizi izan da Jacqui Kenny, Londresen bizi den zeelandaberritarra. Berarentzat konfinamendua ez zen koronabirusarekin hasi. Etxean giltzapetuta egoteko egunak Kenny-rentzat 90. hamarkadan hasi ziren, agorafobia garatu zuenean, hau da, etxetik ateratzeak paniko erasoak eragiten zizkion. Patologia hau munduko biztanleen %2-4k pairatzen dute. 

Hamar urte zeramatzan metroa, trena edo hegazkina zapaldu gabe. Alta, 2016an mundu osotik bidaiatu ahal izan zuen. Nola? Zuk hamaika aldiz egin duzun moduan: Google-n Street View erabiliz. Mapak ireki eta urrutira bidaiatzen zuen bere arazoez ahazteko. Mongolia, Senegal, Txile… paisaia hutsak, harribitxi arkitektonikoak eta pertsona anonimoak, guztiak denboran izoztuak. Berehala txundituta geratu zen Street view-k eskaintzen zion unibertso paraleloarekin eta berarentzat pantaila-argazkiak gordetzen hasi zen. 

Bere portfolioa puzten joan zen eta 2016an irudi hauek argitaratzea erabaki zuen. Horretarako Instagram kontu bat ireki zuen (@streetview.portraits) zituen pantaila-argazki onenak munduari erakusteko. Izan ere, Kenny-k argazkilaria izan nahi zuen, baina agorafobiagatik bere ametsak erabat mugatu ziren lau hormetara ohartu zen arte Street view-eko pantaila-argazki hauek argazki tradizional bat bezain eder eta hunkigarrian izan zitezkeela. 

Ez didazula sinesten? Sartu bere instagram kontuan. Bere argazkiak profesionalen argazkiekin nahastu litekez. Zeelanda Berriko argazkilariak onartzen du afizionatua dela, baina irudi hauetan zehar bidaiatzeak kriterio artistikoa eman diola ere aitortzen du. Berdina pentsatzen dute dituen milaka milaka eta milaka jarraitzaileek. Google berak ere ikusi du argazki hauen balioa eta erakusketa bat antolatu zion. Honen irabaziak buru gaixotasunen ikerketara bideratu ziren. Horrela, asko kostatu bazitzaion ere argazkilariak lortu zuen Google eta bere jarraitzaileen laguntzaz hegazkin bat hartzea hamar urteren ostean.

Egun agorafobia pairatzen duten pertsonen ikur bilakatu da eta askok idazten diote aholkuak eskatzeko: emigratu nahi zuen eta agorafobia pairatzen zuen venezolar bat tarteko. Argazkilariak beraz, bere ametsa betetzea lortu du mundu osotik bidaiatuz eta argazkiak eginez bere gaixotasunaren mugak gaindituz. Bakardadean bizitzen ikasi du, izan ere, gaixotasun honekin mundutik isolatuta sentitzen zara, maite dituzunetik urrun. 

Hitz hauek bizi dugunarekin alderatu genitzake. Baina, Kenny-k bezala guk ere gaindituko dugu aro hau eta ziur laster baino lehen mundu osotik bidaiatzeko ametsa berriz ere berreskuratu dezakegula beste amets askoren artean.