Agenda betea izango da neguan Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean
2022. urtean sartzearekin bat, urtaro berriko egitaraua aurkeztu du Oihaneder Euskararen Etxeak. Aurreko urtaroetan bezala, Oihanederrek ekitaldi ezberdin eta ugariz osatutako kultur proposamenak eskainiko ditu neguan ere. Martxoaren 31ra bitartean, euskal kulturara gerturatzeko hainbat ekitaldi izango dira bertan: kontzertuak, antzezlanak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, aurkezpenak, ikuskizunak, filmak, deialdiak…
Musikari dagokionez, hiru kontzertu izango dira egitarauan: urtarrilaren 27an, osteguna, Antuxuna ta Patx arituko dira eta Itoiz taldearen abestiak izango dituzte oinarri, musika-tresna analogiko zein digitalak erabilita. Otsailean eta martxoan Sara Azurza eta Mila Modu izango dira Eskilarapeko Soinuak deialdiaren barruan, eta, Egin leku! deialdiaren baitan, berriz, Arthur arituko da otsailaren 3an.
Ikuskizunik ere ez da faltako denboraldi honetan. Urtarrilaren 23an Hatz(a)marka kolektiboaren Komunetik izango da, intimitatearen eta eguneroko hainbat gaien ingurukoa. Idoia Tapia musikari eta aktorearen interpretazioa poemekin eta irudiekin uztartuko dute ikuskizunean, zuzeneko musikarekin batera. Horretaz gain, Anari Alberdi eta Iñigo Astizen Kantatu, maitatu eta zalantza; Irati Jimenezen Euskal literaturaren historia sobrenatural bat, eta Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue izango dira.

Ikus-entzunezkoez ere gozatu ahal izango dute Oihanederrera bertaratzen direnek. Gaur, urtarrilak 11, Michael Hanekeren Happy end filma, Europako burges familia baten bizitzari buruzkoa, euskarazko azpidatziekin eskainiko dute. Urtarrilaren 19an, Berri Txarrak taldearen eta haren zaleen inguruan Marina Lameirok zuzendutako Dardara dokumentala emango dute. Otsailaren 1ean, Stop-Zemlia filmaren izango da ikusgai eta, otsailean eta martxoan, Gosetiak eta Emakumea filmak eskainiko dituzte Filmazpit programaren barruan, eta Urak dokumentala Begi-Belarri zikloaren baitan.
Ikastaroak ere badira egitarauaren barruan. Urtarrilaren 12an, Hezi-Ola: aisialdia, hiri hezitzailearen oinarri eta Hala Bedi irratiaren Izan Media herri komunikazio tailerrak, urtarrilaren 21ean. Bestetik, mikro-antzerkia, Nortasuna + erakusketa, lehiaketak eta aurkezpenak ere izango dira.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina gonbidapenak aurrez eskatu beharko dira oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikora idatziz, telefono bidez eskatuz edota Bibe plataformaren bidez. Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dira eskuragarri. Agendako ekitaldiak Oihanederren webgunean zintzilikatuko dituzte data gerturatu ahala, xehetasun guztiekin.


