Afrikaren VII. Astea egingo dute Gasteizen, larunbatean

Afrikaren VII. Astea egingo dute Gasteizen, larunbatean Azoka, dantza eta moda desfile lehiaketa, antzerkia eta kontzertuak izango dira goizetik hasita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/afrikaren-vii-astea-egingo-dute-gasteizen-larunbatean/@@download/image/IMG_7400-scaled.jpg
2024/05/22
Azoka, dantza eta moda desfile lehiaketa, antzerkia eta kontzertuak izango dira goizetik hasita.
Afrikaren VII. Astea egingo dute Gasteizen, larunbatean

Gasteizko Afrikako diasporako erakundeen elkarteak Afrikaren Astea antolatu du larunbaterako, bertan bizi diren Afrikako kolektibo eta pertsonek egiten duten lana ikusarazi nahian. Bizikidetza sustatzeaz gain, Afrikako artea, musika, dantza eta moda tradizionala ezagutarazi nahi dituzte.

Goizetik iluntzera, Gasteizko diaspora afrikarreko erakundeek egindako lanaren eta artisau-produktuen erakusketa izango da zabalik.  Gainera, Oihal artean erakusketa ibiltaria ere prestatuko dute, eta Nelson Mandelaren eta Ellen Johnson-Sirleaf-en erretratuez gozatzeko aukera izango da.

Arratsaldeko lauretan, Mendebaldeko Afrikako emakumeen eguneroko bizitza islatzen duen antzerkia antzeztuko dute. Gasteizen bizi diren Afrikako diasporaren erakundeetako eta beste elkarte eta kolektibo batzuetako boluntarioak arituko dira.

Jarraian, dantza lehiaketa izango da. Afrobeat, amapiano, dantza afrikarrak eta euskal dantzak izango dira lehiaketan eta epaimahaiak partaideen koreografiak baloratuko ditu.

Afrikako eta Euskal Herriko arropa tradizionalaren moda desfile-lehiaketa egingo dute arratsaldeko seietatik aurrera, DJ Logs-en musikak girotuta. 

Azkenik, Nakany Kantéren eta Kai Nakairen kontzertuak izango dira.