Afrikako maskaren erakusketa irekiko dute ostiralean Tolosan

Afrikako maskaren erakusketa irekiko dute ostiralean Tolosan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/afrikako-maskaren-erakusketa-irekiko-dute-ostiralean-tolosan/@@download/image/20122298170Topic_maskara_1.jpg
2012/12/13
berria
Benin eta Nigeriatik ekarritako maskarez osatutako erakusketa ikusgai izango da ostiraletik aurrera Tolosako Topic-en. Gelade eta Efe jaialdietako maskarak dira, gainean txotxongilo edo panpinak daramatzatenak. Ekainaren 10era bitarte zabalik izango da erakusketa.

Ursela Voorhuis-en 43 piezek osatzen dute kolekzioa, eta Dordrecht-eko Txotxongiloen Nazioarteko Festibalean bakarrik izan dira ikusgai orain arte, bilduma pribatua delako. Dena den, Tolosan ikusi ahal izango dira lehen aldiz Gelade eta Efe maskarak elkarrekin.

Piezek bi atal dituzte: batetik, maskara, buruan kaskoa bailitzan jarri behar dena; bestetik, horren gainean kokaturik dagoen txotxongilo edo panpina, eguneroko eszenak irudikatzen dituztenak.

Zenbait kasutan, maskaren emakumezko edota gizonezko baten irudia baino ez dira, baina gehienetan gizabanakoen irudikapen zailagoak dira, zapiak, animaliak edota tresnak gainean daramatzatenak.

Jaialdiak


Gelede
Jaialdi hau Benin, Nigeria eta Togon ospatzen dute, eta Iya Nla lehen ama omentzea du helburu. Baita emakumezkoek gizartearen antolaketa eta garapenean duten funtzioa goraipatzea ere.
Uzten ondoren ospatzen dute Gelede Jaialdia, edota lehorte eta epidemien ostean. Ikuskizunean maskarak erabiltzen dituzte, eta noruba-nag herriaren historia eta mitoak kantatzen dituzte yoruba hizkuntzan.

Efe
Gaueko jaialdia da, eta hauetan txotxongilorik gabeko masakarak erabili ohi dituzte. Maskara gehienek Anago Yoruba taldean dute jatorria, Benin eta Nigeria hego ekialdeko kostan bizi diren taldeetan, alegia.

Laguntza


Damiet Van Dalsum Herbeheretako txotxongilogileak lagundu du erakusketa antolatzen. Dordrecht-eko festibalaren zuzendari ohia da, eta baita Topic zentroaren lagun handia ere.
Erakusketaren diseinua Van Dalsumek eta Elise Wagemansek egin dute.