Afrikako artea ikusgai Donostian maiatzera bitarte

Afrikako artea ikusgai Donostian maiatzera bitarte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/afrikako-artea-ikusgai-donostian-maiatzera-bitarte/@@download/image/2012423960Afrika_Zabaldu.jpg
2012/12/13
berria
Apirilaren 20tik 27ra bitartean Giza Eskubideen X. Zinemaldia egiten ari dira Donostian, eta aurtengo gonbidatua Afrikako zinemagintza da. Horri loturik, eta egitarauaren baitan, 'Afrika Zabaldu' izeneko erakusketa jarri dute Donostiako Liburutegi Nagusian, Alderdi Ederren. Afrikako 'batik' margolanak eta maskarak bildu dituze, kontinenteko arte koloretsu eta anitzaren isla.

Haurralde Fundazioak eta Udal Liburutegi Sareak antolatutako erakusketa da, eta maiatzaren 7ra bitarte izango da ikusgai. Margolanak batik teknika erabiliz egin dituzte, hau da, ehunak koloreztatzeko antzinako teknikaren bidez. Pintura hauetan ohiturak eta eguneroko bizitzako sinboloak ageri ohi dira, eta kasu honetan, Kamerun eta Kenyako emakumeek egin dituzte.

Maskarei dagokienez, hainbat etniatatik jasotakoak dira, eta hileta, iniziazio edota ugalkortasun erritoetan erabiltzen dituzte beren jatorrizko herrietan. Koloreak eta aniztasuna ez dira falta artelanetan.

Haurralde Fundazioak, besteak beste, urte asko daramatza Giza Eskubideen Zinemaldian laguntzen, eta ekarpen bereziak egin ohi dizkio egitarauari.

Erakusketa


Non: Donostiako Liburutegi Nagusian (Alderdi Ederren)
Noiz: Apirilaren 18tik maiatzaren 7ra
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:30etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00ak arte, eta 16:30etatik 20:00ak arte.