Afrika: iraultza hasi da

Afrika: iraultza hasi da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/afrika-iraultza-hasi-da/@@download/image/68p8-1.jpg
2006/11/03
elkarrizketa
Aritz Sound System
Afrika: iraultza hasi da
Kwaito, Bongo Flava, Senerap, Hiplife… horra hor, azken urteotan, Afrikan indar handia hartzen ari diren musika-estilo batzuen izenak. Gazteei esker, urban music beltzena bere jaioterrira itzuli da: XXI. mendeko musika goitik behera astinduko duen iraultza egosten ari da Afrikan.

Afrika, Ama Lurra. Askotan entzuten dugu komunikabideetan Afrika hitza. Baina, zer dakigu benetan Afrikari buruz? Komunikabideetatik jasotzen dugunaren arabera, Ama Lurra infernuaren parekoa da; gudak, heriotza, gaixotasunak eta sufrimendua nonahi. Ezagutzen ez duguna sinplifikatzeko joera gure eginez, Afrikaren irudi estereotipatu hori dugu buruan.  

Irudi horren arabera, afrikarrak txiroak eta ezjakinak dira; bizi-maila baxua dute, eta "atzeratuta" bizi dira. Afrikar gaixoak: txiroak? Atzeratuak? Kontinente gutxik dute-eta Afrikako kultur aberastasuna! Europako kolonoek indarrez inposatutako muga, legedi, hizkuntza eta erlijioek, aberastasun hori murriztu zuten; baina, hala ere, afrikar kontinenteak aberastasun izugarria du.

Beraz, afrikar kontinenteaz baino, Afrikako herriez hitz egin behar genuke. Milaka hizkuntza, ohitura, erlijio, sinesmen, dantza eta musika biltzen dira lurralde izugarri horretan, eta bakoitzak bere berezitasuna eta historia du. AEBtan, nahi lukete horrelako kolore aniztasuna eta aberastasuna! (edo, agian, nahiago dute "pentsamendu bakarra"ren grisa. Nork daki!)

Afrika iparralde arabiar eta musulmanak zerikusi gutxi du Afrika erdialde eta hegoaldeko Afrika "beltzarekin". Aniztasuna da afrikarren ezaugarri komuna, eta aniztasun horretan dago afrikarren aberastasunik handiena. Bai, asko dugu ikasteko, adiskideok: utikan esterotipoak!

Afrikar musika

Afrikar musikaz hitz egiten dugu maiz, Afrikako musika aniztasun harrigarria kontuan hartuta, ezinezkoa den arren "afrikar musikaz" orokorrean hitz egitea. Gainera, afrikar musikaz dihardugunean, musika "tribala", "tradizionala" datorkigu burura, eta, berehala, lau trapu soinean dituztela, danborrak zoroen modura astintzen dituzten beltzak datozkigu irudimenera.

Baina zorionez, irudi hori, gure ez-jakintasunaren ondorioa besterik ez da. XXI. mendeko Afrikan, zorionez edo zoritxarrez, aurre-historia eta "modernitatea" eskutik doaz. Poliki bada ere, ordenagailuak eta tresna elektronikoak gero eta ohikoagoak dira hiri handietan, eta hiri horietako gazteei, ate berriak ireki zaizkie, musika mailan, besteak beste.

"Hiriak Afrikan?",
galdetuko du norbaitek. Hala da, bai. Agian ez dute ur edangarririk izango, baina ziur irrati aparatuak, eta satelite bidezko telebistak nonahi topatuko ditugula (MTV-ren irudiak, afrikar gazte askoren begi eta burmuinetan... kuriosoa ezta?).

Hala, guri modernoak iruditzen zaizkigun musika estiloek (hip-hop, reggae-dancehall, erritmo elektronikoak…) gero eta jarraitzaile gehiago dituzte Afrikan. Afrikar sustraiak dituzten doinuak, etxera bueltan dira, beraz.

Musika beltza

Izan ere, musika "beltza" diogunean, Afrikatik indarrez kanporatu eta esklabo bihurtu zituzten afrikarren ondorengoek sortutako musika estiloez ari gara; ahozko tradizioan erroturik dauden blues, gospel, soul, funk, reggae, rap, jazz, bossa eta abar.

Estilo hauek landu dituzten abeslari eta musikari gehienek, sustraiak Afrikan daudela onartu dute. Hala, hirietan sortu eta garatu dira estilo horietako asko, eta leku askotan "urban music" (hiriko musika) izenez ezagunak dira.

Orain, telebistei eta internet sarbideei esker, mundu osoko hirietan egiten den musika hori ezagutzeko aukera dute Afrikako gazteek, eta gazteentzat oso erakargarria bihurtu da "urban music" delako hori; bai musikari dagokionez, eta baita musika horren atzean dagoen irudi eta estetikari dagokionez ere.

Hala, Afrikako gazteek Kwaito, Bongo Flava, Senerap edo Hiplife bezalako izenak erabiltzen dituzte musika berri horiek izendatzeko (eta saltzeko). Izan ere, Afrikan "betidanik" egin da musika, baina orain, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerei esker, musika grabatu eta zabaltzeko aukerak biderkatu egin dira. Ondorioz, musika bera ere, etengabe eraldatzen ari da.

Jarrera berria

Musika "berriak" garatzearekin batera, musikaren atzean dagoen jarrera ere aldatzen ari da. Oro har, Afrikako musika tradizionalak lotura estua izan du sinesmenekin eta erlijioekin, eta, normalean, kantu tradizional horietan, eskerrak ematen zaizkio jainkoari. Gehienak, sinestunaren esker ona edo erregua adierazteko kantuak izan dira.

Aldiz, hirietan hezitako eta (batzuetan) eskolatutako gazte belaunaldi berriak, inguruko miseriaz eta injustiziaz jabetu dira, eta aldaketaren beharra ikusten dute. Gobernuburuen eta agintarien hipokresiaz eta faltsukeriaz nazkatuta, gazteek salaketa kantuak idazten dituzte. Gutxi batzuek herriaren aberastasunak nola ustiatzen eta lapurtzen dituzten ikusiten dute, eta egoera hori aldatu nahi dute. Egoera aldatzeko, tresna ezin hobea da musika.

Gazteak aldaketaren bila dabiltza, iraultzaren bila. Mezu zuzenak erabiltzen dituzte, eta kaleko hizkera darabilte. Jende askorengana iristen dira, eta agintariak urduritzen hasiak dira: belaunaldi kontzientea dira, "boul falé" belaunaldia. Belaunaldi hau nazkatu egin da kanpoko laguntza itxaroteaz, eta laguntza horri itxaron gabe, zuzena iruditzen zaiona egiteko prest dago. Beste batzuek, aldiz, belaunaldi "galdua" dela diote.

Afrikako musikari gazte hauek munduari lotuta dagoen belaunaldiaren parte dira; munduaren berri duen gaztedia dira, eta adi daude, erne. Nazioartean oihartzuna izatearren, batzuetan ingelesez eta frantsesez abesten dute; baina, hala ere, badakite, euren lurraldean oihartzuna (eta arrakasta) nahi badute, tokian tokiko hizkuntza erabili behar dutela.

Bidai on

Askotan esan dugu: XXI. mendeko musika interesgarriena Afrikan sortuko da, eta dagoeneko, esandakoa froga ditzaketen hainbat adibide aurki ditzakegu. Zertxobait arakatu besterik ez dago, horretaz jabetzeko. Teknologia berriak menperatzen dituztenean, geldiezina izango da Afrikako musikari gazteen indarra. Ireki ditzagun belarriak, eta eman diezaiegun aukera.

Labur-labur, hona hemen, gaur egun kontuan hartu beharreko izenetako batzuk.

Tiken Jah Fakoly

Reggae musikak eragin handia du Afrikan. Bob Marley-ren musika oso ezaguna da kontinente osoan, eta musikari eta abeslari askok lantzen dituzte Jamaikako doinuak. Horien artean, Boli Kostako Alpha Blondy, eta Hego Afrikako Lucky Dube dira ezagunenak. Badira gehiago, dena den.

Hain ezagunak ez direnen artean, Tiken Jah Fakoly aipa dezakegu. Tiken Jah Fakoly 1968an jaio zen Boli Kostan, eta 90eko hamarkadan, reggae abeslari ezaguna bihurtzen hasi zen. 1996an "Mangercratie" izeneko diskoa kaleratu zuen, eta, bakarrik afrika Mendebaldean, 500.000 disko saldu zituen (kopia piratak kontuan hartu gabe). 1998an, Tiken Jah Fakolyk lehen kontzertua eman zuen Frantzian, eta oso ezaguna bilakatu da han.

Gaur egun nazioarteko reggae izarra da Tiken Jah Fakoly, eta adibidez, "Francafrique" izeneko diskoa grabatu zuen Jamaikan, Sly & Robbie musikariekin. 1993an, hamarkada luzez Boli Kostako presidentea izandako Houphouët Boigny hil zen, eta ordutik hona, iskanbila ugari izan dira Boli Kostan. Tiken Jah Fakolyk gai sozial eta politikoak lantzen ditu kantuetan, eta egungo presidentea kritikatzeagatik heriotza mehatxuak jaso ditu.  Hori dela eta, Malin bizi da gaur egun.

Positive black soul

Senegalen gertatutako hip-hop leherketaren adibide ona da Positive Black Soul. Doug E. Tee-k eta Dj Awadi-k 60eko hamarkadan sortu zuten taldea, Dakar hirian. Gaur egun, Afrikako rap talde ezagunena da nazioarte mailan (Frantzian, bereziki). Izenak dioen bezala, jarrera positiboaren defendatzaile sutsuak dira, eta arazoei jarrera horrekin aurre egitearen aldekoak dira. Beren hitzetan, salatu egiten dute inguruan bizi duten egoera politiko eta soziala. Musikari dagokionez, rap erritmoekin batera, Senegaleko instrumentu tradizionalak erabiltzen dituzte (kora, sabar, riti, tama, djembé, e.a.). Wolof hizkuntzan, frantsesez eta ingelesez abesten dute.

Bongo Maffin

Senegalekin batera, Hegoafrika da, ziurrenik, Afrikan musika estilo "berriekin" gehien esperimentatzen duen lurraldea. 90eko hamarkada erdialdean Hegoafrikara iritsitako kanpoko estiloen eraginpean (rap, reggae, house eta musika elektronikoa, oro har), Kwaito izeneko estilo-mugimendua sortu zen Hegoafrikako hirietan. Estilo honen erreferente dira Bongo Maffin. Oso musika dantzagarria egiten dute; reggae, rap eta house musikak nahastuz eta Hegoafrika bertako musiken eragina gehituz: mbaqanga erritmoak, gospela eta iscathamiya ahotsak, eta mezu positiboak.

Leo Muntu

Leo Muntu 1996an hasi zen musika munduan, Zambian, Kalifunku Kings taldearekin, baina, gaur egun, bakarlari modura ari da. Hip-Hopa, R´n´B, Hasieran Kalindula eta Funkutu dantza tradizionalak nahasten zituen. 2004an bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen, eta disko horretan Kwaito eta ragga erritmoen eragina nabari zaio. Gobernuaren zentsura ekidin nahian, esaera zaharrak erabiltzen ditu bere kantuetan.