AEK-k mintzodromoak antolatuko ditu maiatzaren 21ean

AEK-k mintzodromoak antolatuko ditu maiatzaren 21ean Euskal Herriko 65 herritan izango dira mintzodromoak, goizez edota arratsaldez. Izena eman behar da aurrez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aek-k-mintzodromoak-antolatuko-ditu-euskal-herriko-hainbat-tokitan-maiatzaren-21ean/@@download/image/Sin título-2 copia.jpg
2026/05/13

Testua: Maitane Legarreta
Argazkiak: AEK

Euskal Herriko 65 herritan izango dira mintzodromoak, goizez edota arratsaldez. Izena eman behar da aurrez.
AEK-k mintzodromoak antolatuko ditu maiatzaren 21ean

Korrika Euskal Herrian ibili zen hamaika egunez, baina euskararen aldeko lasterketaren amaiera eta gero, AEK-k 12. eguna: eta izango gara!  ekimena iragarri zuen. Horren bidez, AEK-k Euskal Herri osoari erakutsi nahi dio zer eskaini dezakeen euskararen pizkunderako: 
“Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin
Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuak ditugula abiatzen dugu lasterketa, baina Korrika bera labur geratzen zaigu askotan, eta 11 egun horietatik harago joan behar dugu".

Helburu hori gogoan, Praktikatu AEKren eskutik, mintzodromoak antolatuko dituzte maiatzaren 21ean. Egun horretan "inoiz baino euskara gehiago entzutea” nahi du AEK-k eta, horretarako, 65 mintzodromo izango dira Euskal Herriaren luze-zabalean.

Bertaratzeko interesa duenak AEKren webguneko formularioa bete behar du zer herritan eta goizez ala arratsaldez parte hartuko duen jakinarazteko.

Maiatzaren 21a Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da, eta egun hori baliatu nahi dute aldarrikapen argi bat egiteko: "Oraindik ere espazioak behar dira euskaraz praktikatzeko eta bizitzeko, eta mintzapraktika-egitasmoetan parte hartzea horretarako abagunea da”.

Joan den apirilaren 22an ordubeteko doako eskolak eskaini zituen AEK-k hainbat euskaltegitan. Hasiera-mailako klaseak izan ziren, oraindik euskarara inoiz hurbildu ez zirenentzat, "hizkuntzarekin lehen hartu-emana izan zezaten".