Adrien Brody: “Indie” sudurluzea

Adrien Brody: “Indie” sudurluzea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Adrien Brody: “Indie” sudurluzea
Argala, garaia, trauskila eta sudurluzea da Adrien Brody. Nozitzen ari garen irudiaren diktadura gordin honetako guruek diotena parafraseatuz, mutilak ez du Hollywoodeko zinema izar izateko "profil" egokirik. Hala eta guztiz ere, galai itxurarik ez duen arren, bere belaunaldiko aktorerik onenetarikoa da Adrien Brody. Etorkizun handiko aktore gazte adimentsua.
Zaharragoa dela badirudi ere, hogeita sei urte besterik ez ditu. New York hiriko Queens auzoan hazi zen eta ez zuen nerabezaro samurrik izan. Hamabi urterekin, delinkuentziaren munduan murgildurik baitzebilen. Amak bere bizitza zuzentzeko ezinbesteko neurriak garaiz hartu izan ez balitu, AEBtako kartzela ilunak betetzen dituzten gaizkile arrunt horietariko bat baino ez litzateke izango egun Adrien Brody.
Adrienen amak Sylvia Plachy du izena eta hungariarra da jatorriz. Argazkilari entzutetsua da eta eragin handia izan du bere bizitzan. Kale arriskutsuetatik urrun zedin, High School for the Performing Arts finean matrikulatu zuen mutila. Ondoren, Adrienek berak Academy of Dramatic Arts apartan osatu zituen aktore ikasketak.
"Annie McGuire" telesailean eman zituen aktore gisa lehen urratsak Adrien Brodyk. "New York Stories" ezaguna, berriz, izan zuen estreinako filma. Izan ere, Adrienek rol txiki bat erdietsi zuen Coppolak zuzenduriko atalean. Itxura fisikoak, ordea, ez zion askorik lagundu zinemaren munduan leku bat aurkitzeko tenorean. "Etnikoegia" omen zen rol esanguratsu bat lortzeko. Zinema komertzialaren mesprezua jaso ostean, zinema independentean sartu zen buru-belarri.
Hala, Terrence Malick kultuko zinemagileak rol garrantzitsua eskaini zion "The Thin Red Line" ankerrean. Ametsa amesgaizto mikatz bilakatu zi-tzaion, baina. Malickek Adrien Brodyren eszena gehientsuenak moztu baitzituen filma editatzeko unean. Dena den, zorigaitza berehala urtu zen bere bihotzean. Lasterrera, maisutasuna erakusteko parada izan zuen-eta Spike Lee errebeldearen "Summer of Sam" interesgarrian nahiz Barry Levinsonen "Liberty Heights" samurrean ere.
Roman Polanskiren "The Pianist" harribitxi sentibera da, ordea, benetako izar bihurtu duen filma. Holokausto naziaren infernutik musika talentuari esker bizirik irteten den Wladyslaw Szpilman pianojole juduaren rola jokatzen du bertan. Talentua da, prexixo-prexixo, Brodyk Szpilmanekin komunean duena. "Danone" gorputzez eta "Profident" irribarrez jositako zinema industria hutsalean, bizirik mantentzen duen talentu horixe, alegia.