Adrenalina patsetan

Adrenalina patsetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adrenalina-patsetan/@@download/image/41p22-2_1368105355.jpg
2004/05/07
erreportajea
Uda hurbiltzen ari da. Ondorengo orrialdeetan udarako hainbat aukera bildu ditugu: abentura-kirolak, auzolandegiak eta merke bidaiatzeko erak. Hasteko, hona hemen adrenalina askatzeko primeran etorriko zaizkizun hainbat kirolen berri.

Artikulu honen izenburuak 'arrisku-kirola' izan behar zuen, baina hasi eta berehala zuzendu egin gaituzte: "Arrisku-kirola, ez, mesedez! Abentura-kirola da, ez arrisku-kirola!". Erantzun kementsu hori Javi Fuertes 'Txapas'-engandik jaso dugu. Txapas Troka enpresan dabil, abentura-kirola eskaintzen. Aurreko esaldiarekin zera adierazi nahi izan du: gauzak ondo eginez gero, kirol hauetan ez dagoela arriskurik. Txarto ere egin daitezke, hala ere, eta beraz, arriskuren bat egon daiteke: zubi batetik botatzeak, berez, arriskua ekarri behar du!

Horregatik, beharrezkoa da kirol hauek aditu batekin egitea. Euskal Herrian badira horretan diharduten enpresak; batzuk kirol bakarraz arduratzen dira, eta beste batzuk bat baino gehiago eskaintzen dute. Abentura-kirolen bat egin nahi baduzu eta ez badakizu nora jo, jar zaitez harremanetan horietako batekin. Egokiena da.

Zubi-saltoa
Kirol hau egiteko, adoreaz gain, soka bat eta bular-arnesa edo mandatresna behar dira. Gorputz osoa hartzen du bular-arnesak, eta bai hori bai soka ere, aditu batek lotu behar ditu. Gero, zorabioari aurre egin behar! Euskal Herrian hainbat lekutan egin daiteke. Esate baterako, Arabako Kanpezu eta Nafarroako Zuñiga herrien artean, eta Gipuzkoako Azkaraten. Tolosako zubi batean ere egiten zen lehen, baina debekatu egin zuten, errepide horretan auto gehiegi ibiltzen baita. 

Rafting
Badakizue zer den, ezta? Baltsa batean ur-lasterretan ibiltzea. Horretarako, noski, haitzen artean ibiltzeko txalupa egokia behar da lehenik. Gainerako materiala: arraunak, neopreno jantzia eta kaskoa. Euskal Herrian, Bidarrain (Nafarroa Beherea) egin daiteke, Errobi ibaian. Han bada, gainera, zeregin horretan diharduen enpresarik. Bestela, gure inguruan badago beste leku egoki bat, Huescako Guara mendizerran. 

Hidrospeed
Aurrekoaren bertsio gogorra. Funtsean gauza bera da, eta leku beretan egiten da, baina baltsaren ordez taula erabiliaz. Taula horren gainean buruz behera etzan behar da —gorputza soilik, hankak ez—, eta ibaian behera joan. Zer behar da? Eskuez oratzeko kirten bi dauzkan taula, neopreno jantzia eta, gura izanez gero, oinetarako aletak. Ez ahaztu kaskoa!

Arroil-jaitsiera
Kirol hau arroil bateko erreka edo ibaia jarraitzean datza. Kirolaren xarma oztopoak gainditzea da. Askotan, horma bertikala aurkituko duzu, errekak jauzia egiten duelako. Horiek rappel-a eginez jaitsi behar dira, eta beraz, soka eraman behar da. Gehienetan, arroiletan hormei lotutako euskarriak daude, beraz soka haiei lotzea baino ez da egin behar. Sokaz gain, neopreno jantzia, mandatresna arrunta —gerria inguratzekoa— eta kaskoa behar dira. Euskal Herrian, Irurtzungo leku bitan egin daiteke: Lizebar eta Artazul, eta baita Aiaran ere, Laleze izeneko arroilean. 

Parapentea
Parapentea egiteko hainbat leku daude Euskal Herrian. Horien berri izateko, hoberena enpresa batekin harremanean jartzea izan daiteke. Bi daude, gutxienez, —eskolak ere badira—: bata Sopelan eta bestea Donostian.