Ados: “Gazteok gehiago mugitu beharko genuke”

Ados: “Gazteok gehiago mugitu beharko genuke” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ados-gazteok-gehiago-mugitu-beharko-genuke/@@download/image/25p30-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Txari Eleta
Iaz desagertu zen Hemendik At! talde nafarra. Stella eta Edurne, ordea, beren aldetik elkartu dira eta Ados taldea sortu dute. Hamabi abestik osatzen dute "Ados" izeneko lehen diskoa. GAZTETXULO Stellarekin aritu da solasean

Hemendik At! Euskal Herriko lehen dance taldea izan zen. Zertan da aitzindari Ados?
Orain ere aitzindariak gara. Euskal Herrian egiten ez den musika jorratzen dugu, hau da, funkya, hip-hopa, dancea, progresivea...
Dancea, technoa, housea, bakailaoa… Non dago aldea?
Gehienetan, izen okerra ematen zaie estiloei. Dance estiloari "bakailaoa" esaten zaio. Bakailaoa, berriz, auto barrutik irteten diren kolpe zikin horiek dira. Dance estiloak erritmo eta osagarri gehiago ditu, beste zenbait estilo uztartu eta nahasten ditu: technoa, progresivea...
"Etorkizuna". Ba al zenekiten huraxe izango zela Hemendik At! taldearen azken lana?
Inola ere ez. Nahiz eta gogo handiz kaleratu genuen, handik urtebetera taldea desagertu zen. Auskalo zer gertatzen den orain proiektu berri honekin!
Ados. Bi zaretelako, ala?
Bai, hala da. Esanahi bikoitza du. Bi gara eta gehienetan ados gaude. Oso ongi moldatzen gara gure artean.
Ados jartzea. Nola da errazagoa, biren ala lauen artean?
Bi izanik, errazagoa da. Edurnek eta biok ez dugu arazorik elkarren artean.
Stella eta Edurne, diskoaren azalean. Eszenatoki gainean, nor?
Neskez osatutako taldea nahi dugu. Bateriajolea badugu, baina, ez gitarrajolerik. Beraz, zuzenean, ahotsa, bateria, beste tresna batzuk eta zenbait programazio erabiliko ditugu.
Zuzenekoez ari garela, zenbateko garrantzia du koreografiak?
Bi mutil behar ditugu dantza egiteko, eta bila gabiltza. Iaz koreografo bat izan genuen eta asko lagundu zigun. Orain, gure bizkar dago lan hori.
Eszenatokitik kanpora ere musika munduan murgilduta ibiltzen zarete…
Ni psikopedagogia ikaslea naiz, musika eta dantza eskolak ematen ditudan bitartean. Aurretik, piano eta magisteritza musikala ikasketak eginak ditut. Edurne, bestalde, musikologia ikasten ari da Bartzelonan; berak akordeoi ikasketak egin zituen eta klaseak ere ematen ditu.
Zer entzuten dute Stellak eta Edurnek?
Denetarik. Batzuk aipatzearren, Berri Txarrak, Ken 7, Prodigy, Safri Duo, Björk, Skunk Anansie, musika klasikoa… Musikagintzan ezin da esan deus txarra denik. Nire ustez, askoz ere aberatsagoa da denetarik entzutea estilo bakar batera mugatzea baino, batzuek egiten duten bezala.
Baina, zerekin ez zaudete ados?
"Ados nago" abestia horri buruzkoa da. Ez gaude konforme gizarte honekin, bere arauekin eta egiten den politikarekin, besteak beste.
Abestietan mezu zuzenak al dituzue?
Bai, oso esaldi zuzenak. Sexuaz, sentimenduez, Euskal Herriko egoeraz, esaterako, argi diogu zerbait egin, mugitu eta gauzak aldatu behar direla. Gazteak gara helburu horiek lortzeko.
Gazteria, zuen ustez, lo al dago?
Batzuk ez, baina gehienok oso eroso bizi gara eta gehiago mugitu beharko genuke.
"Horiya" kantuan Saharako herria eta gurea lotzen dituzue.
Bai, bertako ohitura batzuk aipatzen dira abestian, besteak beste, tea hartzea. Saharan, hiru te hartzen dira: lehenengoa, bizitza bezain mingotsa; bigarrena, heriotza bezain leuna eta hirugarrena, maitasuna bezain goxoa. Euskal Herrian lehenengoa besterik ez dugu hartzen. Abestiak beste biak ez hartzearen arrazoiez galdetzen du. Bestetik, kontuan izan behar da bi herrialdeok independentzia eta autodeterminazioa nahi dituztela.
Ilegalizazioari buruz ere ari zarete kantu batean…
Bai, "Ilegal" abestian, politikaz ari gara, ilegalizazioari buruz. Agian, gero, gure abestia ilegalizatuko dute… Batek daki!
Zenbat hizkuntzatan abesten duzue?
Euskara da hizkuntza nagusia. Dena den, arabieraz, ingelesez, portugesez, katalanez eta indonesieraz ere baditugu zenbait esaldi.
Aniztasuna al da disko honen ezaugarri nagusia?
Denetarik dago. Estilo, hitz eta hizkuntz desberdinak azaltzen dira. Disko etnikoa dela esan dezakegu.
Iker, taldekide ohia, ezinbestekoa izan al da disko honetan?
Bai, kantu bat sortzeaz gain, gure moldatzailea izan da. Ikerrek du ordenagailua: behar diren programak, erritmo kutxa, teklatua... Asko lagundu gaitu. Hala ere, lagun gehiagoren laguntza izan dugu, eta horiei ere eskerrak eman nahiko dizkiegu.
Ados.