Adinik ba al du maitasunak?

Adinik ba al du maitasunak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adinik-ba-al-du-maitasunak/@@download/image/gaztezulo_sexua_1462956933.jpg
2015/09/10
erreportajea
TESTUA: MAIDER JERICÓ. ARREMANITZEKO KOLABORATZAILEA @Arremanitz
Bikote harreman bakoitza bakarra eta berezia da, eta hala, bikotekideen arteko adin diferentzia ere bikote bakoitzaren araberakoa da. Baliteke diferentzia handia izatearen ondorioz bikoteek hainbat oztopo izatea. Bikotekideen arteko adin diferentzia handia bada ondo joan al daiteke harremana?


Bizitzako momentu jakin batetan, gu baino zaharrago edo gazteagoa den pertsona batetaz maitemindu gaitezke. Baliteke, hainbat arrazoirengatik, adin tarteak pertsona horrekiko sentitzen dugun erakargarritasuna areagotzea. Pertsona zaharrago baten heldutasunak, esperientziak edota egonkortasunak erakarri gaitzakeen bezala, bikotekide gazteago baten inozentzia edota freskotasuna izan daiteke pizten gaituena.

Ezaugarri horiek hainbatentzat erakargarriak izan daitezke, eta, beraz, bikotekide zaharragoa edo gazteagoa bilatzeko joera izan dezakete. Beste batzuentzat, aldiz, bizitzako momentu jakin batetan behar konkretu batzuk asetzeko bidea izan daiteke. Edo, besterik gabe, adin diferentziak morboa sor diezaguke. Edo, beharbada, maiteminak ustekabean harrapatuta harritu gaitzake.

Argi dago adin diferentzia erakargarria izan daitekela, baina, nahiz eta irrika pizteko gehigarri bat izan daitekeen, ziurrenik ez da nahikoa harreman bat aurrera eramateko. Halako kasuetan, bikoteko kideek hainbat zailtasunekin egin dezakete topo, eta garrantzitsua da zenbait faktore kontutan izatea.

Adin tartea txikia edo handia izan daiteke. Ez da gauza bera kideen artean 5-10 urteko aldea egotea edo 20-30 urtekoa. Adin diferentzia handitzen den heinean, bi kideen bizimoduak gero eta ezberdinagoak izan daitezke, eta, ondorioz, desadostasunak ere ugariagoak.

Seguruenik, bikoteko kide bakoitzaren bizitza esperientziak oso ezberdinak izango dira: aurretik izandako harremanak, bikote ohiak, seme-alabak… Hori guztia ondo kudeatzeko prest egotea komeni da. Azken batean, bi pertsonek antzeko helburuak izan arren, adin tartea handia bada, bizitzako momentu ezberdinetan ere egongo dira ziurrenik.

Presio soziala eta ingurukoen aurreiritziak jasateko prest egotea ere garrantzitsua da, gure aurreiritzi propioak ahaztu gabe, noski. Ulergarria izan daiteke besteen kritikak direla-eta bikote harremanaz lotsatzea. Horrelakoei aurre egin eta bikotekideaz harro sentitzea ezinbestekoa da, beraz, egoera horien aurrean irmotasunez jokatzea komenigarria da.

Azken finean, bi kideen bizimoduak, bizitzako etapak edota bizitza proiektuak ia inoiz ez dira erabat berdinak izaten, adin tartea handia edo txikia izan zein adin berekoak izan. Beraz, bikote guztiek izaten dituzten desadostasunei aurre egin beharko diete adin tarte handia duten bikoteek ere; hori bai, zailtasun gehigarri batzuei aurre egin beharko diete agian, baina horiek ez dute zertan harremanaren arrakastan edo porrotean erabakigarri izan.


Harremanak arrakasta izan dezan garrantzitsua da:

    – Bikotekideek antzerako bizitza proiektua desiatzea.
    – Biek antzerako baloreak eta zaletasunak izatea.
    – Elkar mirestea eta bata besteaz harro sentitzea.
    – Elkar zaintzea, leialki jokatzea eta errespetuz tratatzea.

Hitzetatik ekintzetara


Scruff

Gizonekin harremantzea bilatzen duten gizonen beharrak asetzeko tresna da Scruff. Grindr ezagunari konpetentzia zuzena egiten dion doako aplikazioa da. Profila egin eta inguruan zein mundu osoan konektatzen diren mutilen profilak ikusteko aukera izango duzu. Mezuak bidali eta jasotzeko aukera ere ematen du. Berezitasunen artean, zure profila ikusten dutenen zerrenda ikusgai izango duzu, eta lokalizazioa partekatu ahal izango duzu.

Kissing Test

Izenak dioen legez, musuak nola ematen dituzun aztertzen duen aplikazioa da. Horri esker, sortzaileak dioenez, musuak behar bezala ematen irakatsiko dizu zure telefonoak. Erabilera erraza da: aldez aurretik gizonezkoa edo andrazkoa zaren adierazi beharko duzu. Ondoren, zure telefonoaren pantailan musukatu beharko dituzun ezpainak agertuko dira. Musua emandakoan, aplikazioak zure maitasun jarduna hobetzeko gomendioak emango dizkizu.