Adin txikikoen legea ezbaian

Adin txikikoen legea ezbaian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adin-txikikoen-legea-ezbaian/@@download/image/6p18-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Adin txikikoen legea ezbaian
Hego Euskal Herrian eta Espainian Adin Txikikoen Lege berria ezarri dute. Zer dio legeak? Zergatik kritikatu dute hainbeste? Ondorengo lerrootan honako galderoi erantzungo diegu. 

Joan den urtarrilean indarrean jarri zen Espainiako Adin Txikikoen erantzukizun penalari buruzko lege berria. Legea hutsunea betetzera dator. Orain arte 1948ko legea eta 1992an egindako lege honen moldaketa indarrean zeuden Espainian eta Hego Euskal Herrian. Antza, legea eskasa zen eta horrez gain, ez zituen nazioarteak azken urteotan gazteei eskainitako bermeak jasotzen. Beraz, zenbait aldaketa ekarri ditu lege berriak. Esaterako, lehen adin txikikoa 12 eta 16 urte bitartekoa zen eta orain, 14 eta 18 urte artekoa. Bestalde, lege zaharrarekin gaztetxoek, deliturik eginez gero, kartzelara joan behar zuten. Orain, ordea, zentro berezietan bete beharko dituzte epaileek ezarritako neurriak. "Alde honetatik, legea aurrerakoiagoa da, nolabait, eta bergizarteratzearen kontzeptuak, adibidez, indar handiagoa du. Dirudienez, zentro bereziek langile talde zabala izango dute, psikologoak tartean", dio Luix Barinagarrementeria abokatuak. Horrez gain, gazte bati epaiketa egin baino lehen, behin-behineko neurriren bat ezarriz gero, neurriak ez du sei hilabetetik gora iraungo. Honekin epaiketak arinago egitea lortu nahi da.
Argilunak
Dena den, askoren ustez, legeak alde iluna du. Izan ere, nola liteke, delitu bera eginda, Hego Euskal Herriko gazte batek kanpoko beste batek baino zigor handiagoa izatea? Lege berriarekin, ordea, honelakoak gerta litezke. Ildo honetatik, euskal gazteak justizia aurrean bigarren mailan geratuko direla diote zenbaitek.
Alde ilun hori "terrorismo" kontzeptuarekin lotutako delituetan dago. Delitu bera egin arren, ezberdintasunak nabariak dira. Adibidez, bestelako edozein delituren ustezko egileari ekintza egindako tokian bertan egin beharko zaio epaiketa. Terrorismoaren salaketapean, aldiz, epaiketa Espainiako Entzutegian egingo da. Gauza bera gertatuko da zentro berezietara joan behar izanez gero: "gainerako delituetan neurria edota zigorra ekintza egindako tokian bete beharko da eta kale borrokaren kasuan, aldiz, sakabanaketari bide emango zaio", dio Barinagarrementeriak. Lege antiterrorista ere ezartzeko aukera izango da eta beraz, baita lau egun osoko inkomunikazioa ere. Bestalde, "legeak dioenez, adin txikikoei hamar urteko neurria ezarri ahal izango zaie gehienera. Terrorismoarekin nahastuz gero, ordea, epe hori bost urtez luza liteke. Beraz, gerta liteke Anzaluziako gazte bat, kutxazain bat erre izanagatik, hamar urtez zentro berezi batean egon beharraz zigortzea eta delitu bera egin duen Euskal Herriko gazte bati, berriz, hamabost urteko egonaldia ezartzea", azaldu digu Barinagarrementeriak.
Kritikak
Jakina, legeak hautsak harrotu ditu. "Lege berriarekin, Euskal Herrian neurri bereziak ezartzea aurreikusi da, arlo politikoko gertaerei begira", adierazi du Gorka Lopez Amnistiaren Aldeko Batzordeetako bozeramaleak. Ustez kale borroka delituak egin izanagatik salatutako hainbat gazteren gurasoek eta senideek Gurasoak elkartea osatu dute: "legeak eszepzio egoera ezarri nahi du gazteentzat", dio Mikel Vazquez Gurasoak-eko bozeramaleak. Mikelen ustez, legea bidegabekeri handia da: "Madrilen, zaborra biltzeko ontzi bat erretzeagatik, 22 eta 25 hilabete bitarteko administrazio zigorra jartzen dute. Hemen, aldiz, zortzi urte sartzen dizkizute".
Presoen inguruan dabiltzan mugimenduek ezezik, beste hainbat esparrutako erakundeek eta ordezkariek ere legea salatu dute. EAEko Gazteriaren Kontseiluak legearen arriskuez ohartarazi du eta Justizia Saila bera ere oso kritiko azaldu da. Garbiñe Biurrun epailea ere ez dago ados: "Kode penalaren erreforma honek konstituzionaltasuna zalantzan jartzen du, berdintasunaren aurka joan daitekeelako. Ez dut uste ezer onik ekarriko duenik. Nahiz eta delituak egiten dituzten, esperientziaz badakigu euskal gazteen aurkako errepresio penala areagotzeak ez duela ezer onik ekarriko", adierazi zuen Biurrunek Argia astekarian egindako elkarrizketan. 

Delitu bera, zigor ezberdinak


Luix Barinagarrementeria abokaturen esanetan, lege berriarekin, delitu bera egin arren, Hego Euskal Herriko gazte batek eta Espainiako beste batek oso baldintza eta zigor ezberdinak izan ditzakete. Izan ere, kutxazain bat erretzea, adibidez,"terrorismoaren" kontzeptuarekin lotzen da ia beti Euskal Herrian. Adibide honen ildotik, hona hemen ezberditasunak.

  Terrorismoaren salaketapean  Bestela 
 Lege antiterrorista?
 Bai  Ez
 Epaiketa tokia
Espainiako Entzutegia 
Delitua egindako lekua
Gehienezko neurria (zentro berezia + zaintzapeko askatasuna)
Edonora
Delitua egindako tokiko zentroa