Adimen Artifizialarekin sortutako erreportari eta narratzaileak dituen albistegi katea sortu dute
Channel 1-ek berau promozionatzeko bideo bat argitaratu du. Bertan azaltzen duenez erabiltzaileei pertsonalizatutako albisteak iritsiko zaizkie izan nazioarteko gaietan, finantzetan edo entretenimenduan. Hedabide honek AArekin sortutako erreportariak izango ditu 24 orduz eta asteko zazpi egunetan albisteak kontatzen.
Bideoko erreportariek benetako pertsonak dirudite, baina guztia AArekin sortuta izan da, benetako pertsona baten eskaneo batetik abiatuta. Ahotsak ere digitalki sortuak izan dira, inongo giza emoziorik gabe. Hori bai erreportariek albisteak edozein hizkuntzatan eman ditzakete. “Entzun gaitzakezue eta gure ezpainak ikusi, baina inork ez gaitu grabatu esaten duguna esaten”, dio bideoan ile horiko kazetari batek, benetako pertsona dirudienak.
Adam Mosam katearen sortzaile eta enpresariak esan duenez albistegi honetan transmititutako albisteak ohiko hedabideek eta kontratatutako erreportari independenteek sortutakoak izango dira. Honetaz gain, AAk bere txosten propioak sortuko ditu erregistro publiko eta gobernuko dokumentuetatik abiatuta. Katearen sortzaileek adierazi dutenez Channel 1 AI doan eskaini nahi dute, transmisioen artean iragarkiak gehituz.
Katearen lehen erakustaldia artxiboko irudiekin osatu zen, baina albistegiaren sortzaileen nahia kamerarekin hartu gabeko jazoerak AAren bitartez birsortzea da. Kamerarik onartzen ez diren epaiketetan tribunalaren bozetoak egiten direnean bezalatsu. Hori bai, argi utzi nahi dute, momentu oro adieraziko dutela azaltzen diren irudiak AA bidez sortuak izango direla: “Ez dugu inor engainatu nahi”.
Albiste honek hautsak harrotu ditu eta zenbaiten artean kezka sortu du. Non geratzen da AArekin sortutako kazetarien integritatea? Kateari lotutako editore bazkidea den LAist-eko Aaricka Washington-ek adierazi du hemendik aurrera oso erraza izango dela AAren bitartez okerrak diren albisteak zabaltzea: “Hau beldurgarria da. Noski, albisteak ekoiztea errazagoa eta azkarragoa izango da. AArekin sortutako albisteek fede txarrez ari diren horiei erraztasunak emango dizkie. Ezin genezake oraindik honek izango duen eragina aurreikusi”.
