Addar taldeak 'Ezin ulertu' kantua argitaratu du
Addar taldeak abesti-sorta berriko bigarrena kaleratu du, Ezin ulertu izenekoa. Apirilean lehena plazaratu zuten, Lehertu da, eta orain kantu berri hau zabaldu dute.
Ezin ulertu kantua "introspektiboa" dela azaldu du taldeak, "barruan sentitzen den ezinegonari buruz hitz egiten duena". Norberaren autopertzepzioak, nor garen eta bizitzan hartutako norabideak sortzen duten ezinegona eta ulertezintasuna ditu abestiak ardatz. Doinu aldetik indarra transmititzen duen kantua da, eta gitarrek garrantzia handia dute.
Single berria Bilboko Koba estudioan grabatu dute, Xanperekin. Azalaren ilustrazioa, berriz, Imanol Rodriguezek egin du.

Bideoa ere sortu dute, Danel Garayk zuzendua. Nafarroako Bardeetan grabatu zuten otsailean. Aurreko bideoaren bestelako kolore eta estetika erabili dute oraingoan.
