Acero anaiak: “Jende gehienak baino askoz bizimodu hobea dugu”

Acero anaiak: “Jende gehienak baino askoz bizimodu hobea dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/acero-anaiak-jende-gehienak-baino-askoz-bizimodu-hobea-dugu/@@download/image/33p26-1.jpg
2003/09/05
elkarrizketa
Surfarenganako zaletasuna Euskal Herri osoan zabalduta dago, baina badira kirol honekin harreman estuagoa duten eskualdeak. Horietako bat Uribe Kosta da, eta bereziki, herri bat: Algorta. Bertakoak dira Eneko eta Kepa Acero anaiak, biak surflari profesionalak, biak arrakastadunak, biak apalak. Hitzordua, zelan ez, Getxo eta Sopela arteko Barinatxe hondartzan ipini genuen.

Iker, anaia nagusia, surflari profesional ohia da, ezta?
Kepa:
Bai, baina beste lan bat aurkitu eta dagoeneko utzi egin du. Berari ez zaio inoiz lehiatzea gustatu, nahiago izan du bere kabuz ibili. Dena den, emaitza onak lortu ditu.
Eneko: Euskadiko txapeldun izan da behin edo birritan, Europako bosgarren… Surflari europarren artean, goi mailan ibili dela esan daiteke.

Hiru anaia eta hiruak surflari onak. Zelan, bada?
K:
Eneko hasi zen, lagunekin, eta gero Iker. Koadrila berekoak ziren eta. Gero, ohol berriak erosten zituztenean, zaharrak niri ematen zizkidaten, eta horrela hasi ginen hiruok.

Zer du Uribe Kostak halako zaletasuna izateko?
E:
Itsasoak hemen duen indarra; etengabe daude olatuak, eta horrek zaletasuna garatzen lagundu du.
K: Bada beste gauza bat, nire ustez. Lehen, edonork ezin zezakeen surfa egin, oso garestia zelako. Eta beharbada, getxotarrak, diru gehiago izanda, besteak baino lehenago hasi ziren surfean. 

Sinatu al duzue autograforen bat?
Biak (aho batez):
Euskal Herrian oso gutxi…
E: Beharbada, denok elkar ezagutzen dugulako eta harreman normala dugulako, baina beste leku batzuetan jendeak ez gaitu hainbeste ezagutzen. Aldizkarietako erreportajeen bitartez ezagutzen gaituzte, eta beste ikuspegi bat dute gutaz.

Surflariek asko ligatzen dutela diote...
K:
Topiko hutsa da.
E: Galdera hori elkarrizketa guztietan egiten digute, beti…

Tira, halabeharrez egin beharrekoa nuen nik ere eta…
K:
Ez dakit nik surflarien bizitzaz zabalduta dagoen irudia oso parrandazalea ez ote den: beti hondartzan, jaiak gora eta behera…
E: Tira, ukaezina da jende gehienak baino askoz bizimodu hobea dugula. Nik ez dut astelehen goiz batean 07.00etan esnatu beharrik, 08.00etatik 13.00ak arte leku batean egoteko. Baliteke 07.00etan etxetik irtetea, bai, baina Mundakara joateko. Askoz bizimodu malguagoa dugu, norberak egiten baitu egunero egin beharrekoaren plana.

Bai, baina aipatutako irudi "bohemio" hori egiazkoa al da?
E:
Hori, batez ere, telebistak eta marketing enpresek zabaldu nahi duten irudia da. Saltzeko helburuz egiten dute, finean. Surf-a beste edozein kirol bezalakoa da, baina hala ere, irudi "guay" horrekin lotu nahi dute: parranda, sua hondartzan… Eta bada horrelako jendea, baina baita horrelakoa ez dena ere. Futbolarien artean ere, batzuek asko zaintzen dute beren burua eta beste batzuk, berriz, sekulako parrandazaleak dira. Hori, ordea, ez dute telebistako iragarkietan esaten.

Hegazkinetan ordu dexente pasatzen dituzue, ezta?
K: 
Ia urte osoan ibiltzen gara hegazkinetan, martxotik abendura arte. Guk gustura egiten dugu, baina ez da jendeak pentsatzen duen bezain polita. Askok zera pentsatzen dute: hau badoa berriro bidaian, zein ondo bizi den! Eta batzuetan oso nekagarria izaten da.

Zein da surfaren egoera Euskal Herrian?
E:
Azken hamabost urteotan, hemen, Algortan, eta Gipuzkoan ere, oso jende ona egon da. Europan, Euskal Herriko selekzioa lehen hiruen artean ibili da beti. Oraingo belaunaldikook munduko txapelketetan ere ibili gara, eta ondo egin dugu. Herrialde txiki bat izateko, oso ondo gabiltzala uste dut.

Galipotaren etorrerak zer ondorio ekarri dizue surflarioi?
E:
Oso txarrak. Guk uretan sartu behar dugu, eta egunero sartu gara hiru astetan izan ezik; oso txarrak izan ziren hiru aste haiek. Dena den, Euskal Herriko surflarien %80 uretara sartu gabe egon da negu osoan.
K: Badakizu zer gertatzen den? Egunero galipota ikusten ohitu garela, eta azkenean bakoitzak normaltzat jotzen duela galipota egotea. Lasaitasuna hartu dugu, zentzurik gabeko lasaitasuna, galipota egunero dagoelako. Eta egunero ikusten dugunez, ez digu hainbeste axola.

Zein da surfean aritzeko gehien gustatzen zaizuen spot-a (lekua) munduan?
E:  Hori erraza da: Mundaka.
K: Baita niri ere.

Goio Acero, aita, laguna eta laguntzailea


Goio Acero, Eneko eta Keparen aita, semeen zaletasunak bultzatuta hurbildu zen surfaren mundutxo horretara. Edo, 'hurbildu' baino, 'murgildu' esan beharko genuke, ez uretan -"sekula ez naiz ahalegindu oholaren gainean jartzen"- , baina bulego lanetan. Aspalditxotik da Euskal Herriko Surf Federazioko kidea, eta bertako presidente ere izan zen bi urtez.

Dioenez, amari esker hasi ziren semeak surfean: "Amari izugarri gustatzen zaizkio hondartza eta itsasoa. Harekin joaten ziren sarritan eta, surfa ikusi eta surfa ikusi, eurei ere gogoa piztu zitzaien, eta azkenik ohola eskatu zuten". Orduantxe hasi ziren Goioren lanak; umetan, ikastolatik hondartzara eta hondartzatik etxera eroaten zituen semeak. Gero, profesional bihurtu zirenean, laguntza eskaintzen jarraitu zien, ordurako aditu bilakatuta bera ere. "Askotan, entrenamenduak bideoz grabatzen ditut. Azken boladan ez hainbeste, neuk ere ez baitut lehengo sasoia. Horrela, egiten dituzten akatsak ikus ditzakete", dio.

Eta, zer iritzi du aitak semeez? "Seme modura, oso jatorrak dira; ikasketekin arazoak izan dituzte beti, baina tira. Eta surflari gisa, oso ondo dabiltzala uste dut, beharbada indar fisiko apur baten faltan daude, baina oso teknika ona dute".

Profila



Eneko: 26 urte. Zortzi urtez profesional. Bi bider Europako txapelduna; gainera, munduko txapelketetan bost probatan izan da garaile. UBI amaitzeko ikasgai bat falta zaio. Snowboard-a eta neskarekin eta lagunekin ibiltzea gustatzen zaio.

Kepa: 23 urte. Hiru urtez profesional. Europako txapelduna gazte mailan. Marketing ikasketak egiten ari da (aurten amaituko du). Snow-boardean aritzea, futbola eta zinema atsegin ditu.