Aby-Kem: Pantera beltzen trash erasoa

Aby-Kem: Pantera beltzen trash erasoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abykem-pantera-beltzen-trash-erasoa/@@download/image/83p64AbtKen.jpg
2008/03/07
erreportajea
Julen Azpitarte
Bergarako Pantera Beltzen (Aby-Kem-ek pantera beltza esan nahi du Egiptoko hieroglifikoetan idatzita) lehenengo lana da Azken Guda. Lehendik maketa bat grabatuta zeukaten, eta esku artean dugun disko hau Debagoienako Danbaka musika lehiaketaren saria da. Izan ere, haiek izan ziren bigarren urteko irabazleak

"Lan txukuna egin dugula iruditzen zaigu, nahiz eta zenbait gauza hobetu genitzakeen. Oso emaitza ona atera delakoan gaude, lehen estudio lana izateko, eta esperientzia honekin asko ikasi dugula uste dugu. Lehenago maketa bat grabatuta geneukan, baina ez zeukan zuzenean daukagun indarra, ezta arima ere. Oraingo diskoak hobeto islatzen gaituela uste dugu", dio Mikel Alvarez abeslariak.

Diskoak 90eko hamarkadako thrash metal estiloan ondo erroturiko sei kanta luze ditu. AEBetako eta Europako metal-head koadrilen ondarea ondo baino hobeto barneratu dute, eta hori bikain nabari da sei abestietan. "Gaur egungo metal eszenan, oso garatuta dauden estiloak jorratu ohi dira, eta horregatik, haien artean oso antzekoak diren talde asko ikusten ditugu. Metalcore estiloan, esaterako. Thrash estiloak 90eko hamarkadan hartu zuen indarrak erakartzen gaitu. Gainera, estilo errazagoaz eta trinkoagoaz konposatzen zela uste dugu". Talde haiek eredutzat hartu dituzte beraz, baina, "gero gure ukitu pertsonala jarri dugu, gaurkotasun pixka bat erantsiz. Horrez gain, death eta hardcore estiloetako talde onenetariko asko hamarkada horretakoak dira. Gure gustuko talde batzuk? Pantera, Slayer, Entombed, Sepultura, Morbid Angel, Behemoth, Nile… Eta bertakoen artean: Anestesia, Brutal Melody, Serial Number, Estigia, Legen Beltza, Gojira", azaldu du Mikelek.

Hitzei dagokienez, mundu arabiarra izaten dute aztergai. "Oro har, suntsipenean eta apokalipsian oinarritutakoak dira, erabat ezkorrak, nahiz eta amaierako kantek iluntasun hori pixka bat samurtzen duten", dio Mikelek. Nortasun handiko metal banda sendoa da Aby-Kem, ezbairik gabe.