Abuztuaren 7ra arte eman daiteke izena Lekeitioko Euskal Zine Bileraren lehiaketan
Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak berrogeita sei urte beteko ditu eta Euskal Zine Bileraren lehiaketan euskaraz ekoitzitako hainbat film erakusten dira.
Aurtengo edizioa urriaren 19tik 22ra izango da eta honako sari hauek banatuko dira lehiaketan: Film onenaren saria (3.000 €), Zuzendaritza onenaren saria (1.600 €), Gidoi onenaren saria (1.600 €), Ikusleen saria (750 €), eta Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat, 750 €).
Lanak aurkezteko epea abuztuaren 7ra arte izango da irekita eta izen-ematea eta oinarriak zinebilera.eus webgunean kontsulta daitezke.
Aurkezten diren lanen artean hogei inguru aukeratuko dituzte lehiaketan parte hartzeko eta Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo. Epaimahaia, Nerea Alberdik (konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea), Ramon Agirre Lasartek (ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Alaitz Arenzanak (Zinegoak jaialdiko egungo zuzendari artistikoa) osatuko dute.
