Abuztuaren 31ko oroitzapen ekitaldiak Donostian

Abuztuaren 31ko oroitzapen ekitaldiak Donostian Hitzaldiak, lore-eskaintza, kontzertua eta kanpai-hotsa izango dira abuztuaren 31n izandako gertaerak gogoratzeko egitarauaren barruan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abuztuaren-31ko-oroitzapen-ekitaldiak-donostian/@@download/image/abuztuaren 31 kalea.jpg
2021/08/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hitzaldiak, lore-eskaintza, kontzertua eta kanpai-hotsa izango dira abuztuaren 31n izandako gertaerak gogoratzeko egitarauaren barruan.
Abuztuaren 31ko oroitzapen ekitaldiak Donostian

1813ko abuztuaren 31n armada ingeles eta portugesek, espainiarren aliatuek, Donostia setiatu eta erre egin zuten, hiria suntsituta utziz, eta hainbat heriotza, lapurreta eta bortxaketa eragin zituzten frantsesak hiritik bidaltzeko. Ondorioz, hirian zutik geratu zen kale bakarra izan zen Abuztuaren 31, garai hartan Trinitate kalea zena. Gertaera hura oroitzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte baina formatu txikian izango dira, iaz bezala. 

Sutearen aurreko Donostiako kaleetatik bidaia birtuala egiteko aukera izan da aurreko egunetan eta gaur Trinitate kalearen garrantzia hitzaldia emango du J.J. Pi Chevrotek Donostia Kulturak San Jeronimo kalean duen hitzaldi aretoan, 19:00etan.

Bihar izango da urteurrena eta egitarau beteagoa osatu dute ordurako. Elizkizun Nagusia izango da 11:30ean San Vicente elizan, Easo Araoz Gazte abesbatza, Udaleko Txistulari taldea, dantzariak eta Josu Elberdin organo-jolea lagun. Lore-eskaintza egingo dute 12:30ean eta, 19:00etan, 1813ko Uda Hartan. Donostiako setioa hitzaldia eskainiko du J.M. Leclercq Saizek San Jeronimo kaleko aretoan. 20:30ean, berriz, kontzertua egingo dute San Vicente elizan. Easo, Santa Cecilia eta Gaztelupe abesbatzek, Txistularien udal taldeak, Aiert Beobide eta Irati Sorondo dantzariek, Oscar Candendo organo-joleak, Andoni Aleman errezitatzaileak eta Xabier Otaegiren aurkezpenak osatuko dute emanaldia. Eguna amaitzeko, 21:30ean, kanpai hotsak izango dira hiriaren erdigunean.