Abuztuaren 31ko gertaerak gogoratzeko ekitaldia egingo dute Donostian

1813ko abuztuaren 31n, tropa ingelesek eta portugaldarrek hiria mendean hartu eta su eman zioten. Kale bakarra utzi zuten ukitu gabe, gaur egun Abuztuaren 31 deiturikoa, okupazioak iraun bitartean bertan ostatu hartzeko. Azken urteetan ezbehar hura gogoratzeko ekitaldiak egin izan dira eta aurtengorako ere egun osoko egitaraua antolatu dute.
Abuztuaren 31n, goizeko 11:30ean, meza egingo dute San Bizente Elizan, aliatuen tropek hiria hartu eta suntsitu zutenean eroritakoen omenez. Jarraian, 12:45ean, Alde Zaharreko danborradetako ordezkariek eta udal agintariek lore-eskaintza egingo dute Itsasoko Atean (Portaletas).
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, oroitzapen desfilea eta hirian gertatutako erasoa eta suntsipenaren antzezpena izango dira ikusgai. Zuloaga plazan hasiko da eta Parte Zaharreko hainbat kaleetan barrena abiatuko da. Zazpiak aldera, danborradak Bulebarreko kioskoaren aurrean elkartuko dira eta minutu bateko isilunea egingo da. Ondoren, Donostiako Martxa joko dute.
Sutan fikziozko film laburraren proiekzioa ere egingo dute, zazpietan, San Jeronimo aretoan. Emanaldiaren ondoren, mahai-ingurua izango da, Naia Artzamendi zuzendari eta gidoilariarekin eta beste bi lagunekin.
Bederatzi eta erdietan, hiriko hainbat elizatako kanpai hotsak entzun ahal izango dira, eta Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztuko dira. Zuzien argitan zeremonia martxa egingo da San Bizente elizako ataritik, Donostiako Ereserki Zaharraren doinuaz, eta Santa Maria elizaren atarian amaituko da, Jose Maria Usandizagaren Abuztuaren 31ko hildakoen martxaren airea lagun.
Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak, Easo Araoz Gazte abesbatzak, Santa Cecilia abesbatzak, Gaztelupe abesbatzak, Aiert Beobide dantzariak, Andoni Aleman prosalariak eta Xabier Otaegik parte hartuko dute.