Abuztuaren 20tik 22ra, Udako Sekuentziak Gasteizen

Abuztuaren 20tik 22ra, Udako Sekuentziak Gasteizen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abuztuaren-20tik-22ra-udako-sekuentziak-gasteizen/@@download/image/vitoria_gasteiz_1376464423.jpg
2013/08/14
berria
Uda Place 2013 egitarauaren baitan, Udako Sekuentziak kaleko zinema zikloa egingo dute Gasteizen hilaren 20tik 22ra, asteartetik ostegunera. Falerina Lorategian, 22:00etatik aurrera, ‘El Rio’, ‘Old Joy’ eta ‘Chaika’ filmak proiektatuko dituzte jatorrizko bertsioan.


Geografikoki eta kronologikoki oso ezberdinak diren hiru film barneratuko ditu aurtengo Udako Sekuentziak zikloak, desplazamendua, barne-bilakaera eta sorterrira itzultzea izango baitituzte oinarri Falerina Lorategian proiektatuko dituzten filmek. Bertara hurbiltzen diren gasteiztarrek punta-puntako maisulanez doan gozatzeko aukera izango dute.

Aurtengoan hilaren 20tik 22ra luzatuko dira proiekzioak, asteartetik ostegunera. Lehen egunean Jean Renoir zuzendariaren 1951ko lana aurkeztuko dute, El Rio; 99 minutuko iraupena du, eta gainerako filmak bezalaxe, 22:00etan hasiko da. Asteazkenean Kelly Reichardten Old Joy lanaren txanda helduko da, eta zikloari amaiera emateko, Miguel Angel Jimenezek iaz aurkeztutako Chaika filma proiektatuko dute ostegunean.

Kontzertuak ere bai
Zinema zikloaz gain, Uda Place egitarauak beste hainbat ekintza ere barneratu ditu urtero legez. Ekainean eman zioten hasiera egitarauari, eta abuztuan bi kontzertu sorta eskainiko dituzte: Los Zigarros eta Alejandro Ferreira hilaren 16an, ostirala, eta Mars Red Sky, Countach eta P.D. Indio datorren ostiralean, abuztuak 23. Eta musika albo batera utzi gabe, irailaren 5ean, 6an eta 7an Siberia Rock Festival jaialdia egingo dute Arabako hiriburuan. Aprobetxatu!