Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearen inguruko informazioa
Elhuyarrek nabarmendu duenez, 2026ko abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea "azken urteotako gertaera astronomiko garrantzitsuenetako bat izango da: azken 100 urteetan Euskal Herrian ikusgai izango den eguzki-eklipse oso bakarra". Artikotik eta Groenlandiatik barrena etorriko da eklipsea, eta mendebaldean hasi eta ekialderantz urrunduko da.
Hori dela eta, eguna gau bihurtzen ikusiko dugu eta gero berriro argitzen. Nabarmendu beharra dago eguzki-eklipsea ikustekotan, begiak ondo babestu behar direla, iragazki egokiekin, kalterik ez izateko. Bestela, zeharkako behaketa egin daiteke, itzalari begiratuta, zulatutako paper batekin, edo bahe batekin. Zuhaitzen hosto artetik ere begiratu daiteke. Baina zaindu zuen begiak.
Elhuyarrek hainbat gomendio eman ditu eguzki-eklipsearekin lotuta. Eklipsea arratsaldeko azken orduan hasiko denez, eguzkia nahiko baxu egongo da zeruan, eta, beraz, ipar mendebaldeko zerumuga gertu ikusten den leku bat bilatzeko jakinarazi dute, eta eguraldiaren iragarpena ere kontuan izatea.

Ilargia 19:30 aldera hasiko da Eguzkiaren aurretik igarotzen. Pixkanaka joango da estaltzen, eta 20:27an izango da eklipse betea. Ilunabarra 21:30 aldera izango da, eta pare bat minutu geroago desagertuko da guztiz Ilargia Eguzkiaren paretik.
Elhuyarrekoek ohartarazi du begiak babestu behar direla, eta iragazki egokiak erabili. Bestela, proiektuta ikus daiteke, itzalen bidez. Ikusmen-arazoak dituztenentzat eklipsea soinu bidez jarraitzeko aplikazioak daudela jakinarazi dute.

Gainera, Elhuyarrekoek honen inguruko eduki-sorta zabaldu dute webgunean: “Eklipse-tantak” audio-pilulak, idatzizko baliabideak, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat eduki daude berariaz sortutako banda monografiko batean.
Hitzaldia Kanbon
Kanboko Herriko Etxeak doako hitzaldia antolatu du herritarrei eguzki eklipsearen fenomenoaren berri eman eta haren behaketa optimoa egiteko aholkuak emateko, esaterako begien retinak nola babestu behar diren. Virginia Garciak, 2018tik 2023ra Aranzadiren Astronomia Saileko zuzendaria izandakoak, emango du hitzaldia.
Hainbat gai jorratuko ditu, hala nola eguzki-eklipse osoaren faseak, Baileyren perlak, diamantezko eraztuna, itzal hegalariak edo gertakari astronomiko horien aurrean faunak dituen erreakzioak.
Hitzaldia euskaraz izango da eta berehalako itzulpena egingo dute frantsesera. Mintzaldia abuztuaren 4an izango da, 18:30etik 20:00etara, Kanboko mediatekan. 8 urtetik aurrerakoei zuzenduta dago. Aurrez eman behar da izena Kanbiko mediatekan edo 05 59 93 50 70 telefono zenbakira deituta.
