Abu Dhabi: urrezko txanponak eta lingoteak makina batean

Abu Dhabieko Emirates Palace hotelean urrezko txanponak eta hamar gramo arteko lingoteak ematen duen makina jarri dute. Makina ezin modernoagoa da: iruzur saiakerak antzematen ditu eta, hondatuz gero, bere kabuz itzaltzen da. Thomas Geissler alemaniarraren ideia izan da. Ekimenaren sustatzaileek espero dute erabiltzaileek oroigarri bat lortze aldera edo inbertsioa egiteko joko dutela makinara. Nabarmendu dutenez, egungo testuinguru ekonomikoan urrea seguruagoa da txanponak baino. "Herritarrei urrea hurbildu nahi diegu", esan dute. Zer herritar motari gerturatuko dioten urrea beste kontu bat da, munduko hotel garestienetakoa baita Emirates Palace.